Martxoaren 30etik apirilaren 9ra arte funtsezoak ez diren jarduera guztiak geratzeko agindua eman zuen Espainiako Gobernuak. Agindu horren indarraldia bukatuta eta Aste Santuko oporraldia pasata, gaurtik euren lantokietara itzuliko dira Hego Euskal Herriko milaka langile. Beraz, gaurtik aurrerako egoera konfinamenduko lehen bi asteetako bera izango da. Konfinamendua ezarri eta mugimendu askatasuna murriztu zuenean onartutako dekretuan, zein lan jarduera baimentzen diren zehaztu zuen Madrilek, tartean, industria eta obra berrien eraikuntza. Hauek ziren dekretuaren xehetasunak:
- Osasun, segurtasun, telekomunikazio eta aduana jarduerak daude baimenduta, baita beharrezkoak diren elikagaien ekoizpena, horniketa eta banaketa eta argindarraren, petrolioaren eratorrien eta gas naturalaren horniketa ere.
- Enpresen eta horien funtzionamendurako osagarri diren beste enpresen funtzionamendurako ezinbestekoak diren jarduerak (osagaiak, garbitasuna, segurtasuna, mantenua, konponketa eta pertsonen eta markantzien garraioa) ere baimenduta daude. Zabor bilketa eta ur hornikuntza ere bai.
- Garraio publikoa babesten da, baina eskaintzaren murrizketa batekin. Gaurtik aurrera distantzia mantentzea zaila duten langileen artean maskarak banatuko dira.
- Justizia administrazioak lanean jarraituko du, eta horrekin batera horri lotutako zerbitzuek ere bai, hala nola, notariotzak eta gestoriek, ezarritako zerbitzuen baitan.
- Taberna eta jatetxeek ezin dituzte ateak ireki (soilik etxeetara eman dezakete zerbitzua), eta diskotekak, kultur, aisialdi eta kirol azpiegiturak, jolas parkeak eta auditorioak itxita egongo dira. Dantzaldiak, desfileak, festak eta folklore ikuskizunak debekatuta daude.
- Merkataritzan soilik elikagaik saltzen dituzten saltokiak, farmaziak, osasun zentroak, optikak, ortopediak, prentsa eta paperak saltzen dituztenak, tabako saltokiak, gasolindegiak, etxeko animalientzako jana saltzen dutenak, teknologia saltzen dutenak, garbigailu zerbitzua eskaintzen dutenak eta Internet bidezko salmenta daude baimenduta.
- Ile apaindegiek soilik pertsona zaurgarriei eman diezaiekete zerbitzua, euren garbitasuna bermatzeko.