Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak oharra argitaratu du, sektoreko gainontzeko eragileekin batera, sendagaien banaketari buruz hartu dituen neurriak azaltzeko. Neurri horiek bi helburu nagusi dituzte: batetik, bermatzea jendeak eskura izango dituela behar dituen botikak, farmazietara ahalik eta gutxien joanda; eta, bestetik, jende pilaketa saihestea farmazietan eta osasun-zentroetan, osasun profesionalak babesteko.
Hori horrela, hainbat neurri hartu dituzte. Alde batetik, botiken bidezko tratamenduak hiru hilabete gehiagoz luzatuko dira. Gainera, botikak bi hilabeterako emango zaizkie pazienteei, eta ez orain arte bezala, hilabete baterako.
Bestetik, arrisku taldeetako herritarrei botikak etxera eramateko zerbitza antolatzen ari da Osasun Saila, sektoreko gainontzeko eragileekin batera. Zerbitzu horren barruan arrisku handieneko pertsonei etxera deituko diete, botikak noiz eta non entregatu zehazteko. Horrez gain, premia larriko kasuetan, 012 telefonora deitu dezakete herritarrek, medikazio-premiarekin lotutako eskaerak egiteko. Zerbitzuak lehentasuna emango die menpekotasun-egoeran dauden eta Beti On telelaguntza-sistemaren bidez artatzen diren patologia anitzeko pertsonei.
Informazio osatua Osasun Sailaren webgunean eskuratu daiteke.