Platerak eta edalontziak hutsik

Maxixatzen.eus 2020ko api. 13a, 12:57

Joseba jatetxea. (Argazkia Joseba jatetxea)

Ostalaritzan ere gogor jo du koronabirusak, eta egoera asko zaildu zaie. Atraskua tabernako eta Joseba jatetxeko arduradunekin hitz egin du Maxixatzenek, beraien egoera zein den jakiteko. Elkarren artean metro gutxiko tartea egonagatik ere, tabernaren eta jatetxearen artean bada ezberdintasunik.

Azkoitia isilik dago, kaleak hutsak. Hein handi batean badu zerikusia herriko taberna eta jatetxeekin, ez baitago musikarekin dantza egiterik tabernetan, ezta mahai bueltan esertzeko aukerarik jatetxeetan. Koronabirusak ekarri duen osasun krisiak ostalaritzan gogor jo du, eta nola ez, baita gure herriko tabernetan eta jatetxeetan ere. Martxoaren 14an, Um Blem Ble Azkoitiko tabernarien elkarteko tabernek ateak itxi zituzten, eta ordu batzuk beranduago ezagutu zuten askok Espainiako Gobernuak agindu zuen konfinamendu hitzak zer eragin izango zuen.

Aurreko egunean —martxoak 13—, Azkoitiko taberna batzuk beraien borondatez tabernak ez zabaltzea erabaki zuten. Atraskua izan zen taberna horietako bat, eta beraiek sare sozialetan azaldutakoaren arabera, "langileen eta bezeroen osasuna bermatzeko" hartu zuten taberna ez irekitzeko erabakia. Isaak Alberdi Elorza (Azkoitia, 1967) da taberna horretako langileetako bat, eta hark azaldu duenez, langileen eta bezeroen osasunari "lehentasuna" eman zieten. "Ostiralean [martxoak 13], taberna ez irekitzea erabaki genuen; ikusten genuen egun batzuk geroago itxi beharra etorriko zela", dio Alberdik. Atraskua tabernan asteburuan eman ohi dute jaten, eta konfinamenduak ez zituen ezustean harrapatu. "Erosketa gehienak ostiraletan eta zapatuetan egiten ditugu, eta ixtea ostegunean erabaki genuenez, ez genituen egin erosketak", dio. Galtzeko arriskua zuen generoa bazuten Atraskuan, baina soberan gelditutako produktuak etxean kontsumitu zituzten. "Beti galtzen da zerbait, baina oraingoan gauza gutxi galdu dugu", nabarmendu du tabernariak. 

Ezustean harrapatu ez, baina beste bazter guztietan bezala eragina izan du koronabirusak Atraskuan ere. Alberdik adierazi duenez, joan den hileko Gizarte Segurantza kobratu egin diete eta tabernentzat "gogorrena" hori dela dio. "Etxeko langileez gain, lau langile ditugu kontratatuta. Gobernuak esan du itzuliko duela Gizarte Segurantza, kontratuen %70 ordainduko dutela eta gero laguntzak emango dituela", gehitu du. Bestelako gastuak gutxi izan dituzte Atraskuan Alberdiren arabera. "Argindarra eta ura apenas gastatzen dira, alokairua ordaindu beharrik ez dugu; BEZa ere, kontsumorik ezean, gutxi ordaintzen da", azaldu du tabernariak.

Atraskua tabernan urte asko daramatzate lanean, eta jakitun dira tabernak ixten lehenak izan ziren bezala, irekitzen azkenetakoak izango direla. Konfinamendu egoera apirilaren 26ra arte du luzatua Espainiako Gobernuak, baina Atraskua tabernan ez dute espero orduan ateak irekitzea. "Pixkanaka joango gara guztia zabaltzen, baina gauean irekitzea zaila izango da. Egunez, berriz, harategi batek gaur funtzionatzen duen moduan irekiko dugula uste dut", adierazi du Isaak Alberdi Atraskua tabernako kideak.

Herriko festak, andramaixek kasu, urruti ikusten dituzte oraindik, baina posible da nahi baino gertuago egotea egoera honetan. Alberdik "jarrera baikorra" duela dio, eta ordurako egoera normaltzea espero du. Azkoitian, jakina denez, herriko festen ondoren itxi egiten dituzte tabernak, oporrak egiteko. Koronabirusak horretan eragingo dien galdetuta, Alberdiren ustez poliki-poliki egoeraren larritasuna "arintzen" joango da, eta dio festak "normaltasunez" ospatzen badira, urtero bezala oporrak hartzeko moduan izango direla.

"Galera handia" jatetxeetan

Atraskua tabernatik metro batzuk gora eginda dago Joseba jatetxea. Nekane Olaizola Karrera (Azpeitia, 1964) Joseba jatetxeko arduradunak "galera handia" izan dutela dio, eta egoera ilun ikusten dute. Jatetxeko arduradunak azaldu duenaren arabera, martxoaren amaieratik hitzartutako 100 otordu baino gehiago galdu dituzte. "Guretzako kontua beltza dago; ez dakit gehiegi pentsatu nahi dugun datorkigunaz", esan du Olaziolak. Konfinamenduaren eraginez, gainera, ERTEa aplikatu behar izan dute Joseba jatetxean. "Ostalaritzan egunean egunekoarekin bizi gara. Pixka bat mugitzen hasita zegoen gurean egoera, baina mugimendua berriz eten du koronabirusak", adierazi du. 

Espainiako Gobernuak konfinamendua ezarri aurretik jende gutxiago zebilela sumatu zuten Joseba jatetxean. "Oso jende gutxirekin ibili ginen aste hartan, ohiko bezeroak ere ez ziren etorri, eta zapatu eguerdian garbiketa eginda, jatetxea ixtea erabaki genuen", azaldu du Olaizolak. Arduradunak nabarmendu duenez, inguru hartan bazituzten hitzartutako bazkariak, eta janarien eskaerak ere eginak zituzten. "Ez genuen janari asko eskatuta, bezero kopurua asko jaitsi zela ikusi genuelako. Normalean astean asteko eskaera egiten dugu", nabarmendu du Olaizolak. Hori horrela, jatetxean zuten janari guztia "aprobetxatu" eta "etxekoen artean banatu" zutela adierazi du.

Jatetxea apirilaren 26an zabaltzea "zaila" izango dela uste du azpeitiarrak. "Ea uda aldean Joseba jatetxea irekitzeko modua dugun", dio Olaizolak. Irekitzen duten egunean ere lehen bezala izatea "kostatu" egingo zaiela aitortu du. "Enpresa bazkari-afariak ere dezente eman ohi ditugu, eta ikus beharko da horien egoera zein den; baita herriko jendearen egoera ere", azaldu du Joseba jatetxeko Nekane Olaizolak. 

Jatetxean, bereziki maiatzetik aurrera, ospakizun asko izan ohi dituzte. Koronabirusaren eraginez, ordea, maiatzeko bazkari edo afari guztiak bertan behera utzi dituztela eta hurrengo hilabeteetakoak "airean" daudela jakinarazi du Olaizolak. "Bezeroak zain daude ekainerako hitzartutako bazkari eta afariak ospatzeko moduan izango ote diren edo ez jakiteko; zaila izango dela uste dut", azaldu du Azkoitiko bizilagunak.  Ospakizunetan lehenak jaunartzeak izan ohi dituzte Joseba jatetxean; horiek, ordea, urrira atzeratu dituzte. Ezkontzak ere badituzte hitzartuta, eta ezkongaiek ezkontza dataz aldatu dutela adierazi du Joseba jatetxekoak.

Egoerak egoera eta neurriak neurri, ikusi beharko da jatetxeei ateak irekitzeko baimena emandakoan nola ireki beharko dituzten. Olaizolak azaldu du jatetxean badutela talde txikien otorduetan "neurriak errespetatzeko adina distantzia", baina "zaila" ikusten duela talde handien kasuan. Kalera irteteko eta ohikotasunez bizitzeko gogoa "guztiek" dutela dio Olaizolak, baina ahal izatea beste kontu bat izango dela adierazi du. Egoera argitzen hasiko den edo ez jakiteko itxaron egin beharko da oraindik, eta batek daki zenbat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide