Herrietako erosleei

Ainara Elortza Izagirre 2020ko api. 11a, 17:55

Ainara Elortza Izagirrek azoken inguruan idatzi duen iritzi artikulua: 'Herrietako erosleei'.

Gaur haserre esnatu naiz. Haserre eta asaldatuta, larunbata izan arren, Azkoitian baserritarren azokarik egingo ez delako. Eusko Jaurlaritzak baserritarren azokak debekatu ditu, eta beste herri batzuetako udalek hori beren eskumena dela eta baimendu dituzten arren, Azkoitian ez da horrelakorik gertatu eta ez da azokarik egin. Jaurlaritzak gure segurtasunaren izenean hartu du neurria. Segurtasuna hobeto bermatzen ote da ba saltoki erraldoietan, jende andana atzera eta aurrera dabilenean, produktuak hartu eta uzteko aukera dagoen lekuetan? Eta ehunka langile dauden lantegietan? Baserritarrek gure oinarrizko beharrak asetzen dituzte, herriko ekonomia indartzen dute. Ingurugiroa babestu nahi badugu, ezinbestekoak dira; 0 kilometroko produktuak eskaintzen dizkigute, baratzetatik zuzenean gure etxera datozenak —eta ez eskuz esku ehunka edo milaka kilometro kutsatzaile egiten dituztenak—. Nire uste apalean, etorkizun sano eta hobe baterako ezinbestekoak dira gure baserriak.

Jabetzen naiz ez direla errazak agintariek egunotan hartu behar dituzten erabakiak. Guztiok gabiltza noraezean egoera erabat ezohiko honetan. Baina, zein irizpide jarraitzen dituzte azokenak bezalako arauak ezartzean? Tamalez, garbi ikusten dira erabaki horien atzean dauden pentsamolde sakonak —eta horrek ematen dit niri beldurra—. Txikienak eta ahulenak beti galtzen du. Ikusi bestela lehentasunezkoak ez diren gaiak saltzen dituzten denda txiki guztiak itxira nola dauden, Amazon, Zalando, Zara eta bestelako erraldoiak etxez etxe lehentasunezkoak ez diren produktuak saltzen ari diren bitartean.

Zorionez jende eta elkarte ugari mugiarazi du azoken arau honek, eta azkenean, Jaurlaritzak atzerapausoa eman behar izan du; berriro baimendu ditu azokak. Orain gure txanda da, erosleona. Oso erraza da erantzukizun guztia agintarien esku uztea. Oso erraza balkoietatik txaloak eta lapikoak jotzea, Whatsapp bidez protesta mezuak bidaltzea. Baina, azokak eta denda txikiak irekitzen direnean gure esku ere egongo da behar duguna leku horietan edo bestelako saltokietan erostea. Gure esku egongo da uda sasoiko sandaliak eta soinekoak herriko denda txikietan erosteko itxarotea edo itxialdian Internet bidez egitea.

Baserritarrek eta denda txikiek eskertuko dituzte txaloak, baina behar, erosleak behar gaituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide