Kirolariengan ere eragin nabarmena izan du koronabirusak. Kirol jarduera guztiak eten, eta ohi bezala entrenatu eta jokatu ezinda daude. Konfinamenduak mundua gelditu duen arte, "orain arte izan duen momentu onenetakoan" aurkitzen zela azaldu du Xabi Oroz saskibaloi jokalari azkoitiarrak Maxixatzeni emandako online elkarrizketan. "Kantxan eman dudan maila nire onena izan da", adierazi du Orozek.
Eman duen maila Gipuzkoa Basket taldeak izan duen mailari lotuta egon da, izan ere, Donostiako saskibaloi taldea Urrezko LEB ligako bigarren postuan sailkatuta dago egun, liderrarekin berdinduta. Argi du etxea ez dela "baloiarekin jolas egiteko lekurik onena", baina Gipuzkoa Basketeko prestatzaile fisikoak bidalitako ariketak egiten dihardu egunero.
Denboraldia amaituko ote duten da egun kirol klub guztien kezka eta ardura nagusia, eta Xabi Orozek garbi hitz egin du horri buruz. Bere ustez, aurten ez dute denboraldia amaitzeko aukerarik izango. Hortik aurrera hainbat erabaki hartu beharko dituzte kirol federazioek nolanahi ere; liga txapelduna nor den, zein talde igoko den mailaz eta zeinek galduko duen maila erabaki beharko dute, besteak beste. Jokalari azkoitiarrak uste du "oso zaila" dela erabaki irmo bat hartzea, talde guztietan daudelako argudio "ulergarriak". Halere, azkoitiarrak dio "orain arte egindako merituak balioan jartzeko aukera" izan beharko luketela klubek.
Liga txapelketa amaitzea da mahai gainean dagoen aukeretako bat, baina beste aukera da uda sasoian partidak jokatzea. Orozek, Gipuzkoa Basket taldeko gainerako jokalariek bezala, "ondo hasitakoa ondo amaitzeko gogoa" duela dio. "Beste aukerarik ez badago, gogotsu gaude denboraldia eta orain arteko lana ondo amaitzeko", adierazi du.