Eusko Jaurlaritzak aste honetan azokak debekatzeko hartu duen erabakiari beren desadostasuna adierazteko, Euskal Herriko hainbat eragilek adierazpen bat kaleratu dute, azokak berriz zabaltzeko eskatuz. Lehen sektoreko ekoizleak, kontsumitzaile elkarteak eta ingurumen taldeak daude sinatzaileen artean, alderdi politikoekin eta sindikatuekin batera. 60tik gora dira oraingoz adierazpenarekin bat egin dutenak. Hartu beharreko babes neurriekin azokak irekitzeko eskatu dute eragileek, eta horrez gain, dei egin diete erakundeei zuzeneko salmenta laguntzeko. Era berean, herritarrei eskatu diete herriko denden bitarteko erosketak lehenesteko.
Adierazpenaren sinatzaileek diote Jaurlaritzak azokak ixteko erabili dituen argudioak "eskasak" direla. Besteak beste, Jaurlaritzak argudiatu du pertsonen joan-etorriak murriztu egin behar direla eta jende pilaketak saihestu behar direla. "Zergatik ez dira irizpide berberak baliatzen saltoki handiak, esaterako, Jaurlaritzak baserritarren produktuen salmentarako lehenetsi dituen Eroski, Uvesco (BM), Carrefour eta Alcampo-Simpuy merkataritza guneak ixteko? Horietara joateko ez al da joan-etorririk egin behar? Barruan ez al da jende pilaketarik gertatzen? Nor ari da zaintzen saltoki horien barruan jendeak distantziak gordetzen dituen edota jendeak gutxieneko higiene-arauak betetzen dituen?", diote adierazpenean.
Gogoratzen dute udal azokak zerbitzu publikoak direla eta hori balioan jarri behar dela; garraio zerbitzuarekin alderatzen dute. "Zerbitzu Publiko horren titularra udala da. Osasun Sailak neurri zehatzak har ditzake, ez ordea debeku orokor bat". Sinatzaileek salatzen dute erosleen eskubideak ari direla urratzen, eta gogoratu dute orain arte udalei azokak egiteko neurriak hartzeko eskatu zaienean, hartu dituztela. "Zertara dator orain neurri hau? Zer dago honen guztiaren atzean? Emandako arrazoiek ez dute zentzurik. Helburua beste bat ez ote den pentsarazten digu". Salatu dute, gainera, osasun krisialdia hasi zenetik erakundeak ez direla eurekin harremanetan jarri egoera bideratzeko, hala eskatu arren, eta euren ekimenak lagundu ez eta oztopatzen ari direla, gainera.
Irakurri albistea osorik Berria.eus atarian.