Azkarateko hondakin gunea

Nola egon lasai!

Mari Karmen Elorza 2020ko api. 9a, 10:54

Mari Karmen Elorzak gutuna bidali du Maxixatzenera Azkaraten egitekoak diren hondakinak kudeatzeko guneari buruz bere iritzia emateko. Euskal Herriko Agintaritza Aldizkariak argitaratutako puntu batzuei banan-banan erantzun die azkoitiarrak. Hona hemen Elorzaren gutuna:

Hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko gune bat eraikiko dute Azkoitian.

"Lasai egon! Lasaitasuna eskatzen dugu", dio alkateak. Ba, ez! Ni ez nago lasai.

Hasteko, kudeatzea, ez da birziklatzea. Inondik inora ere ez. Esan dezagun egia eta garbi hitz egin.

Planta honi buruz, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkariak (EHAA) argitaratutako dokumentuaren 11. orrialdean sarri aipatzen dira hitz hauek: kutsadura eta hondakin arriskutsuak. Horien arriskurik ez balitz egongo, aipatu ere ez lirateke egingo dokumentuan, ezta? Batzuk, ordea, ez digute hori azaldu nahi. Aurreikusita daukate kutsakorra izango dela; EHAAren dokumentuan dauzkagu hainbat proba, eta horietako puntu batzuk azaldu nahi nituzke, ikusteko behin eta berriz errepikatzen direla gustatzen ez zaizkigun hitz horiek:

Lehen fasean, zazpigarren puntuan, honako hau dio:

  • "Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko gunea, etxola prefabrikatu bat da".
  • "Kudeaketa jarduera hauek egin nahi dira: …Instalazio mantentze-lanetan sortzen diren hondakin arriskutsuak, beren izaeragatik likido kutsatzailen lixibatuak eragin ditzaketenak, etxola modular batean gordeko dira, zabaldian, kutsatzaileak instalazioetan barreiatzea ekiditzeko, hondakinei eta lurzoru kutsatuei...".
  • "Bestalde, gasolioa erabiliko da garraiatzeko eta urtean 68.238 litro kontsumitzea espero da”. Hemen agertzen zaigu airearen kutsadura ere.

Hondakin-urei dagokionez:

    • "Sortuko den hondakin isuri bakarra, euri-ur edo ureztatze-ur lixibatudunak izango dira. Kanpoaldeko zabaldian sortuko du ur hori, euri-urak edo ureztatze urak pilatutako materialarekin kontaktuan jartzearen ondorioz".
    • "Sortzen diren hondakin-urek ahalik eta eduki kutsatzaile txikiena izatea nahi da”.

Azken bi puntu horiek irakurri ostean, gutxi izan arren, kutsatu egingo dela esan nahi da. Azkenik, "ura, solido esekiekin kutsatu" daitekela kontuan hartu behar da, eta "lurzorua, istripuzko olio-edo gasolio-isuriekin”.

Balizko inpaktuaren ezaugarriak ere aipatzen dira:

  • "Jarduerak eragin ditzaketen inpaktu adierazgarrienak kutsadura atmosferikoari lotutakoak dira, hondakinak erabiltzean (zamalanetan eta garraioan)…".
  • "Aipatutako jarduerak, inguruko soinu-maila handitzea ekarriko dute. Bibrazioak ere sortu ditzake".
  • "Instalazioak, hondakin balorizatuaz gain, hondakin arriskutsuak eta arriskutsugabeak sortuko ditu jardun ahala... sailkatua eta...".

Dokumentuan bertan honako hau ere irakur daiteke:

  • "Lurzorua kutsa dezaken jarduera bat denez, kontuan izango dira...".
  • "Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, beharrezkoak diren preskripzio teknikoak aplikatuko dira..."
  • "Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar".
  • "Behin instalazioaren erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmontatu eta erretiratu beharko dira……..kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan...".
  • Jarduera eten ondoren titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoiztutako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuak lurpeko uretan zer nolako kutsadura eragin duten...". Titularrak berak ebaluatuko du, benetan?

Kalteak murriztuko direla aipatzen da: "Ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta…… ezartzen diren neurriak ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela". Kalteak murrizteak, ordea, ez du esan nahi kalterik ez dagoenik, baizik eta gutxitzea. Kalteak hor daude.

"Ez da ikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea", dio dokumentuak. Zaldibarren ere ez zen aurreikusten, ez zen eragin negatibo nabarmendik agertzen mendi guztia goitik behera erori zen arte. Gehiago dio, ordea: "Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Larke 360 SL enpresak Azkoitia udal-mugartean sustatutako hondakinak kudeatzeko (eta ez, birziklatzeko) instalazioari". Ez al da beharrezkoa ingurumen inpaktua ebaluatzea? Oso-oso ekintza serioa dela iruditzen zait ebaluaziorik egin beharrik ez egoteko. Nork kontrolatuko du hori guztia? Ez al gara oraindik eskarmentatu Oñederren, Zaldibarren eta beste leku batzuetan gertatutakoa eta gero? Zerbait gertatuz gero zein egingo da horren erantzule?

Bukatzeko, hausnarketarako pare bat galdera luzatu nahi nituzke:

1) Hondakin gune honek zer mesede ekarriko dizkigu azkoittiarroi? Irabazien parte izango al da herria? Ala betikoek jarraituko dute aberasten?

2) Kalterik sortuko al digu gune hori Azkoitian izateak?

Pentsa dezagun. Herritar bezala kalteak bakarrik ikusten dizkiot nik. Ezer onik ez. Ez dezagun geure burua engainatu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide