Historialaria

Juan Bautista Mendizabal: "40 urte betetzen dira Azkoitiko prozesioa indartu zenetik"

Maxixatzen.eus 2020ko api. 9a, 09:00

Juan Bautista Mendizabal.

Juan Bautista Mendizabal historialari azkoitiarrak bere herriari buruzko hainbat eta hainbat kontu dakizki. Aste Santuaren atarian, ordea, aurten ezingo da prozesiorik egin kalean, eta Mendizabalek aitortu duenez, aspaldian ez da gertatu horrelakorik. 

Aurten ezingo da beti bezala prozesiorik egin, ezta Azkoitian ere. Nola jaso zenuten berria?

Espero genuen. Koronabirusaren albisteak gero eta gertuago ikusten genituen, eta lehen unetik genekien hau guztia ez zela amaituko Aste Santua baino lehen. Birusa ingurura iristen ari zen pixkanaka-pixkanaka, eta orduan beltzago ikusi genituen aurtengo prozesioak eta mezak. Albistea jaso genuenean ez ginen harritu. Are gehiago, behar-beharrezkoa iruditu zitzaigun erabakiari eustea. Izan ere, pertsona asko elkartzen da prozesioetan, eta arriskutsua izan daiteke. 1688. urtetik egiten dira prozesioak Azkoitian; egin ez direnean eguraldiagatik izan da gehienetan. Oso egoera ezohikoa da. 

Beste ekitaldi batzuk atzeratu egin dira. Zuen aukeretan sartzen al da prozesioak beste garai batera atzeratzea? 

Aita Santuak esan du ospakizun bereziren bat egin daitekeela irailean, baina ez dakigu irailean zein izango den egoera. Aurtengo urtea, gainera, berezia zen guretzat. Izan ere, 40 urte betetzen dira Azkoitiko prozesioa indartu zenetik. 70eko hamarkadan beherakada izan zuten Azkoitiko prozesioek, baina 80ko hamarkadan indarra berreskuratuta atera ziren berriro. Zerbait desberdina egin nahi genuen aurten, baina ezinezkoa izango da momentuz.

Azkoitiarrez gain, etortzen al da inguruko herrietako pertsonarik? 

Bai, inguruko herrietako jende asko etortzen da: Donostia, Eibar, Zumarraga, Zarautz, Zumaia… Normalean egunpasa etortzen dira gehienak, goizetik gauera arte. Izan ere, goizean goiz hasten dira Azkoitian ospakizunak, eta aukera paregabea da, era berean, herria ezagutzeko. Hala ere, beste herrietatik Azkoitira etortzen diren moduan, herritarrek beste leku batzuetara joateko aprobetxatzen dituzte Aste Santuko jaiegunak, eta, ondorioz, prozesioetan ateratzeko jende gabe gelditzen ari gara. Aldaketa handia nabaritu daiteke duela hogei urteko Aste Santua gaur egungoarekin alderatzen badugu. Horregatik, ahalegin berezia egiten ari gara azken urteotan prozesioetan ateratzen den jendea aurkitzeko. 

Prozesioak ezin ospatuta, galera handiak aurreikusten al dituzue?

Bai, baina ez prozesioengatik bakarrik. Kanpotik datozen pertsonek ostalaritzan uzten dute diru gehien, hemengo jatetxeetara, hoteletara edota tabernetara joatean baitira. Hala ere, Aste Santu garaian bada herrian geratzea erabakitzen duen herritarrik ere, eta ohikoa baino gehiago mugitzen dira herrian. Beraz, guztiok etxean geratzeak eragina izango du herriko arlo desberdinetan. 

Egoeraren aurrean, Aste Santuetako mezak Internet bidez ematea erabaki duzue. 

Erramu egunetik hasi eta Pazko igandera arte, Youtube plataforman Azkoitiko parrokiak duen kanalean eskainiko ditugu Aste Santuko mezak. Horren bidez, etxetik mugitu gabe Aste Santua bizitzeko aukera izango dute horrela nahi dutenek. Herritar guztiak ez daude teknologia berriekin ohituta, eta badakigu hori, baina egoera honen aurrera irtenbiderik onena mezak Internet bidez eskaintzea dela iruditu zaigu. Felix Azurmendi erretorea, laguntzailea, sakristaua eta kamera egongo dira Azkoitiko parrokian, eta meza ahalik eta osoen izan dadin, abestiak eta gogoetak uztartuko dituzte. Telebistan eta irratian ere eskaintzen dituzte mezak eta prozesioak, nahiago duenarentzat. 

Aurrerantzean, Azkoitiko parrokiaren aukeretan sartzen al da Internet bidez mezak eskaintzen jarraitzea?

Auskalo. Ez dakigu zer etorriko den, baina dakiguna da bizi dugun egoera honek bizitza beste modu batera begiratzeko balioko digula. Teknologia aukera polita da Elizarentzako, baina ondo erabiltzen jakin behar da. Zalantzarik gabe, aurtengo Aste Santua bizi guztian gogoratuko dugu. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide