Zortzigarren koronabirus kasua baieztatu dute Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 8a, 14:20

Eusko Jaurlaritzak eguerdian kaleratu dituen datuen arabera,  COVID-19 gaitza duen beste pertsona bat atzeman dute herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 52 lagun hil ziren atzo; pandemia hasi zenetik hildako gehien erregistratu diren eguna izan zen atzokoa.  

COVID-19 gaitzarekin kutsatutako pertsona kopurua gero eta handiagoa da Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian jakinarazi dituen datuen arabera, eskualdean 165 lagunek eman dute positibo koronabirusaren krisia hasi zenetik. Hala, azken 24 orduetan, hiru kasu berri atzeman dituzte eskualdean. Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian kasu berri bana zenbatu dute. 

Honako hauek dira herriz herriko datuak: Zarautzen 90 positibo zenbatu dituzte, Zumaian 35, Orion hamalau, Azkoitian eta Azpeitian zortzina, Getarian eta Zestoan hiruna, Aian eta Aizarnazabalen bina, eta Beizaman eta Errezilen bat ere ez. 

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik. 

Euskal Herrian 12.944 positibo

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 9.452 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, herenegun baino 431 gehiago. Guztira, 638 pertsona hil dira hiru lurralde horietan. Atzo, 52 pertsona hil ziren; pandemia hasi zenetik hildako gehien erregistratu diren eguna izan zen atzokoa.  

Nafarroan, berriz, 3.467 dira COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak eta 206 hildakoak. Hala, azken 24 orduetan, 112 positibo berri eta lau hildako zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak. Guztira, 450 pertsonak hartu dute alta lurralde horretan. 

Euskal Herrian 12.944 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 846 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.601 pertsonari eman diete alta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide