Koronabirusak kutsatutako kasu berririk ez dute baieztatu Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 7a, 15:01

Igandean datuak eguneratu zituztenetik, zazpi dira koronabirusak kutsatutako herritarrak. Urola Kostan, azken orduetan zazpi positibo berri atzeman dituzte Zarautzen, eta bat Orion.

Zapatu iluntzetik atzo iluntzeko 20:00ak bitartean ez dute koronabirus kasu berririk baieztatu Azkoitian. Egunero bezala, gaur eguartean jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak atzoko datu guztiak, eta Azkoitian ez da mugitu COVID-19 gaitza dutenen kopurua. Zazpi dira, horrenbestez, Azkoitian kutsatutako herritarrak.

Gaur jakinarazitako datuen arabera, atzo iluntzea bitartean Urola Kostako herrietan 162 lagunek eman dute positibo koronabirusaren krisia hasi zenetik. Hala, azken 24 orduetan, zortzi kasu berri atzeman dituzte eskualdean. Zarautz da gaitzak jotako herritar gehien dituen eskualdeko herria; 89 lagun daude gaixo, eta horietatik zazpi kasu baieztatu dituzte azken orduetan. Zumaian 34 herritarrek dute koronabirusa, eta Orion hamalauk; izan ere, Orion kasu berri bat atzeman dute azken orduetan. Azpeitian zortzi dira positibo eman duten herritarrak, Getarian eta Zestoan hiruna, eta Aian eta Aizarnazabalen bina. Errezilen eta Beizaman oraingoz ez dute atzeman gaixotasuna. Hauek, beti ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko datuak dira, benetan gaixorik dagoen herritar kopurua handiagoa izan daiteke eta.

12.376 lagun kutsatuta Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, berriz, dagoeneko 12.376 lagun daude kutsatuta, eta 788 hil dira gaitzaren eraginez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.021 kasu positibo baieztatu ditu Osakidetzak orain arte, eta 211 azken orduetan atzemandakoak direla jakinarazi du. Gainera, gaitza zuten 38 lagun hil dira herenegundik eta, guztira, 586 dira COVID-19aren eraginez zendu direnak. Nafarroan, berriz, 3.355 dira COVID-19 gaitzarekin kutsatutkoak, eta 202 hildakoak. Hala, azken orduetan, 104 positibo berri eta 15 hildako zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide