Itxura berriarekin dator Maxixatzen aldizkaria, ezohiko egoeran egina

Maxixatzen.eus 2020ko api. 7a, 11:00

Batek baino gehiagok ezustekoa hartuko du Maxixatzen Azkoitiko herri aldizkaria ikusten duenean; diseinu eta atal berriekin dator 397. zenbakia.

Desio genukeen gisan, Maxixatzeneko bazkideek hilero bezala ez duzue esku artean ikusiko aurrena. Bizi dugun larrialdi egoerak behartuta, paperean argitaratu eta bazkideon etxeetara banatu aurretik, PDF formatuan aurkeztu behar izan dugu Maxixatzen.eus atarian —egoerak baimentzen duenean egingo dugu ohiko etxez etxeko banaketa—.

Maxixatzen hedabidea iaztik eskualdeko beste hedabideekin batu eta elkarrekin ari da lanean Urolako Komunikazio Taldearen (UKTren) aterpean. Egitura bateratuaren bidez, tokikotasunetik gure irakurleei ahalik eta zerbitzu hoberena ematea da helburua, bai aldizkarian, bai webgunean.  

Aldizkariari diseinua eta neurria aldatu diogu UKTko beste aldizkarien antzeko itxura izan dezan aurrerantzean, eskualdeko aldizkarien irudia bateratze aldera, baina izena eta izana galdu gabe. Itxura aldaketaz gain, atal berriak ere baditu aldizkariak: Hitz bitan, herritar bati egindako elkarrizketa motza, Mahai bueltan, errezeten tartea; Klik, argazki erreportajea, Erretratua, herritar baten ofizioari buruzko erreportajea Gorka Larrañaga artistak lagundutako marrazkiarekin, Bestaldetik aurpegi ezagun baten ohiko bizimodutik ateratako elkarrizketa eta Akordatzen edo Atzera begira, Azkoitiko garai bateko historia biltzen duen tartea. Horrez gain, ohiko erreportajeak eta elkarrizketak bilduko ditu Maxixatzenek, baina iritzi artikulu gehiagorekin. Eta haurrekin pentsatuta, berriz, Plazan Bazan denborapasak txertatzen jarraituko dugu hilero.

Ikusi aldizkari berria, sartu, jaitsi eta maxixatu.

#izanmaxixatzaile Egun hauetan Maxixatzeneko bazkideei 2020ko bazkidetza kuota kobratuko zaie. Gure partetik, mila esker zuen ekarpen eta esfortzuagatik eta jakin zuen laguntza beharrezkoa dugula, tokiko, euskarazko eta kalitatezko hedabidea izaten jarrai dezagun.  

Eta bazkide ez zaretenok, animatu! Izan gure proiektuko kide, #izanmaxixatzaile!

Bazkide izateko, Maxixatzeneko kide izan nahi dut formularioa bete eta bidali zuen datuekin. 

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide