Soineko berria

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Alberdi 2020ko api. 7a, 11:00

Idoia Alberdi Etxanizek Maxixatzen aldizkari berriaren inguruan apirileko Maxixatzen aldizkarian idatzitako iritzi artikulua: 'Soineko berria'.

Erabilera esparruak irabaztea da euskarak parez pare duen erronka handiena. Asko egin da, baina asko dago egiteko. Botila erdi beteta ikusten dute askok, beste batzuk erdi hutsik ikusten dugun bitartean. Halere, gauza batean denok, erakundeak eta euskalgintza, ados gaude: inertziak astindu eta estrategia berriak jarri behar dira martxan, eta komunikabideok ezinbesteko funtzioa dugu eginkizun horretan. Hizkuntza bat normalizatuko bada, hizkuntza horretan ari diren komunikabideak behar ditugu, horiek sostengatuko eta hauspotuko dituzten politikak agendaren erdigunean jarrita. Ez dago hizkuntza normaldurik, hedabiderik gabe.

400. zenbakia aterako du laster Maxixatzen herri aldizkariak, eta egindako bideak erakutsi digu txikitasunetik urrats sendoak egin ditzakegula. Ertzetik begiratzen diogu munduari, eta ertzak beti dira arriskutsuak. Gozotik bezainbeste du honek gazitik. Tartekako aparraldiek inguruan eragiten duten loriak arnasa bai, baina halako korapilo bat ere sortzen dio bati barrenean. Atzetik beti dator hustuketa, eta hori da euskararen egungo argazkia.

Ausartak izan eta galtzeko baino irabazteko asko dugula sinetsita bakarrik eutsi dakioke gurea bezalako egitasmo bati. Horren adibide esku artean duzuen ale hau, soineko berria jantzita. Begirada zorrotzeko jostun talde batek hartu dizkio neurriak hedabideari, eta, puntadaz puntada, molde berrietara egokitutako jantzia egin dio. Josturak ere halakoak ditu, finak eta zorrotzak. Eta itxura bakarrik ez, edukiz ere bete-betea dator aldizkaria, atal eta diseinu berriekin. Izango dira, noski, zintzilik geratu diren hari muturrak, hartu beharreko barrenak eta hobeto tolestu beharreko zimurrak. Orain arte bezala, eginez ikasiko dugu.

Aldaketa hau guztia gogoeta prozesu luze eta zabal baten emaitza da. Iazko udazkenetik, eskualdeko hainbat komunikabiderekin batera ari gara lanean, batuta eta egitura bakarrean. Horraino iristeak ere eman dizkigu buruko min batzuk, baina lanerako borondateak eta ilusioak Urolako Komunikazio Taldea sortzea ahalbidetu du. Antolaketa eredu berria jarri dugu martxan, baliabideak partekatuta. Tokikotasuna eta euskara izan dira eta izango dira gure izateko arrazoiak, eta, orain, bidelagun berriekin gaitasun handiagoa izango dugu gure eskaintza aberasteko eta hobetzeko. 

Duela ia mende laurden jarritako zimenduek gogor eusten diote egitura berriari, eta hori ere bada zerbaiten seinale. Inoiz euskaraz irakurri gabeak euskaraz irakurtzen jarri genituen, eta,  gaur egun, belaunaldi ezberdinen topagune bihurtu da komunikabidea. Bazkideen eta irakurle guztien babesak neurtuko du, beti bezala, datorrenaren osasuna.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide