Koronabirusaren kasu positibo berririk ez dute atzeman Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 6a, 14:35

Atzotik gaur artean, kasu positibo berririk ez dute atzeman Azkoitian. Gaur gaurkoz, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, zazpi herritarrek daukate gaitza. Urola Kosta eskualdean zazpi kasu positibo gehiago dira; beraz, 154 herritar dira eskualdean gaixotasuna dutenak.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Urola Kostan koronabirusaren 154 kasu positibo daude. Atzotik gaur bitartean, zazpi kasu gehiago atzeman dituzte. Horietako bakar bat ez da izan Azkoitian. Kasu berriak Orion, Zarautzen, Zumaian eta Aizarnazabalen hauteman dituzte.

Atzoko datuen arabera, Orion atzeman dituzte kasu berri gehien; ondorioz, hamar kasu positibo izatetik hamahiru izatera igaro da udalerri hori. Zarautzen beste bi kasu detektatu dituzte azken orduetan, eta 82 herritar daude kutsatuta. Zumaian kasu bat gehiago atzeman dute azken orduetan, eta 34 bizilagunek eman dute oraingoz positiboa. Aizarnazabalen beste kasu bat atzeman dute, eta, igandeko datuen arabera, bi herritarrek dute gaitza.

Eskualdeko gainerako herrietan ez da gorabeherarik izan. Azpeitian zortzi herritarrek dute COVID-19 gaitza. Getarian eta Zestoan hiruna kasu positibo eman dira; eta Aian bi. Beizaman eta Errezilen ez da oraingoz kasurik baieztatu. Hauek, beti ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko datuak dira, benetan gaixorik dagoen herritar kopurua handiagoa izan daiteke eta.

340 positibo gehiago Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako azken datuen arabera, dagoeneko 11.701 lagun daude kutsatuta eta COVID-19 gaitzaren eraginez 735 pertsona hil dira. Larunbatetik igandera detektatutako kasu positiboetan jaitsiera izan da, eta 340 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, atzotik gaur bitartean koronabirusean positibo eman dute 182 pertsonek. Denera, 8.810 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak hiru lurralde horietan. 33 hildako gehiago izan dira koronabirusagatik azken orduetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan 3.231 kutsatu zenbatu dituzte, eta 187 dira hildakoak, bezperan baino bederatzi gehiago. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide