Asmo gehiago iragarri ditu beste behin Espainiako Gobernuak COVID-19 gaitzaren hedapena saihesteko. Gaur eguerdian bilera egin du Sanchezek autonomia erkidegoetako presidenteekin, eta jakinarazi die milioi bat test azkar egingo dizkietela sintomarik ez duten herritarrei. Test horiek gaur edo bihar jasoko dituztela gaineratu du.
Hala, test horietan positibo ematen dutenak bakartzea da asmoa. Horregatik, erkidegoei eskatu die zerrendatzeko, apirilaren 10a baino lehen, zein azpiegitura dituzten isolamendurako, publikoak nahiz pribatuak; kiroldegiak, aterpetxeak, hotelak eta halako eraikinak izan daitezke. Leku horietara bideratuko lituzkete beren etxeetan bakartuta egoterik ez duten pertsonak.
Espainiako Gobernuak atzo bertan hartu zuen beste erabaki garrantzitsu bat: konfinamendua hamabost egun gehiago luzatzea, apirilaren 16ra arte, alegia.
Espainiako Gobernuko presoidenteak azpimarratu zuen konfinamendua altxatutakoan ere jarraitu egingo duela seguru aski larrialdi egoerak, horrekin ez delako amaituko krisialdia. Umeak etxetik irteteko edo kirola egiteko aukerarik ez zuen aipatu Sanchezek, ezta maskaren erabileraren gaineko neurririk ere.
Bestalde, industriaren geldialdia ez luzatzea erabaki zuten; Aste Santuaren bukaerara arte ezarri zuten ezinbestekoak ez ziren aktibitateak eteko neurria, eta horri ez diote luzapenik emango.