Dirulaguntza eta baliabideen inguruko plataforma bat prestatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Maxixatzen.eus 2020ko api. 4a, 17:54

Plataforma digital batean bildu du Gipuzkoako Foru Aldundiak COVID-19 gaitzaren ondorioz jarduera ekonomikoan izandako kalteak arintzeko programa, laguntza eta baliabideen inguruko informazioa. Norbanako, autonomo eta enpresentzako baliagarri den informazioa batu du foru erakundeak Interneteko plataforma horretan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak “ehun ekonomikoari zuzendutako” online plataforma bat prestatu du: www.gipuzkoa.eus/es/web/covid19ekonomia. COVID-19ak jarduera ekonomikoan eragindako kalteak arintzeko abian dauden programa, laguntza eta baliabideei buruzko informazioa eskura jarri du erreminta digital horren bidez foru erakundeak. Norbanako, autonomo eta enpresentzako jarraibideak eta orientazioa eskaintzen ditu lau esparrutan: lan osasuna, lan esparrua, laguntza publikoak eta fiskalitatea.

Foru aldundiak adierazi du plataforma garapen agentziekin eta ehun ekonomikoko erakundeekin batera garatu duela. “Egoera gogor honetan, ezinbestekoa da langileek, autonomoek eta enpresek ezagutu ahal izatea zer tresna eta baliabide eskaintzen ari garen administrazio ezberdinak eta ekosistemako eragile guztiak, Gipuzkoako jarduera ekonomikoa laguntzeko. Halaber, ezinbestekoa da baliabide horiek modu erraz eta argian eskuratu ahal izatea, dagoen informazio guztia ordenatuz”, azaldu du Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.

Plataformako informazioa aldian-aldian eguneratuko dutela nabarmendu du aldundiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide