Autonomo eta enpresa txikien autolikidazioak eta aitorpenak aurkezteko epea atzeratu du aldundiak

Maxixatzen.eus 2020ko api. 2a, 09:14

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasuneko bulegoa, Azpeitian.

Ekainaren 1era atzeratu du urteko lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazio eta aitorpenak aurkezteko epea autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikiei dagokionez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, 225 milioi euroko zerga bilketa atzeratzea dakar. 

Hainbat neurri hartzen ari dira erakundeak COVID-19 gaixotasuna hedatzea galarazteko alarma egoera aplikatu zenetik. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du, hala, ekainaren 1era atzeratuko duela urteko lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazio eta aitorpenak aurkezteko epea. Neurria autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikiei begira hartu da. Beste zergadun talde batzuei ere eragiten diela azaldu du aldundiak; esaterako, irabazi asmorik gabeko elkarteei.

BEZaren (balio erantsiaren zerga) eta PFEZaren (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga) atxikipenei lotutako zergak dira Gipuzkoako Aldundiak atzeratu dituenak, eta bere aurreikuspenen arabera, 225 milioi euroren zerga bilketa atzeratuko du.

Aldundiak ekainaren 1era arte luzatu dizkie ondorengo betebeharrak aurkezteko epea ere: aitorpen informatiboak eta laburtzaileak aurkeztekoa, eta autolikidazio eta aitorpen ez aldizkakoak aurkeztekoa.

Azken asteetan eragile ekonomiko horiekin bilerak egin dituela esan du diputazioak, eta azpimarratu du Gipuzkoako Foru Ogasuna malgutasuna eta erraztasunak ematen ari dela alarma egoeragatik sortu diren zailtasunen aurrean.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide