Herri barruko autobusa goizez bakarrik ibiliko da ostegunetik aurrera

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 31a, 15:13

Udalak adierazi duenez, Urbanue autobus zerbitzua goizez bakarrik ibiliko da ostegunetik aurrera koronabirusaren egoera "normaltasunera bueltatu" artean.

COVID-19 gaitza dela eta, Urbanue autobus zerbitzua murriztu egin du Azkoitiko Udalak. Hain zuzen ere, goizez bakarrik ibiliko da herri barruko autobusa; beraz, arratsaldeko zerbitzua bertan behera geldituko da. Udalaren arabera, erabaki hori hartu dute, besteak beste, konfinamendua hasi zenetik Urbanue erabiltzen duten herritarren kopurua jaitsi delako eta alarma egoeran joan-etorriak saihestea gomendatzen delako. Zerbitzuaren murrizketek koronabirusaren egoera "normaltasunera bueltatu bitartean" iraungo dutela nabarmendu du erakundeak.

Goizetako autobus zerbitzuaren ordutegia, ordea, bere horretan mantenduko dute, Bizenta Mogel eta Xabier Munibe Ikastola eta Floreaga Ikastetxea batzen zituen 8:45eko autobus zerbitzua izan ezik. Izan ere, udalaren arabera, nagusiki ikasleek erabiltzen zuten zerbitzu hori, eta horiek eskolarik ez dutenez, kendu egin dute.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide