Enpresariak ateak ez ixteko "zirrikitu bila" ari direla salatu dute sindikatuek

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 31a, 11:15

Espainiako Gobernuak funtsezkotzat jo ez dituen enpresek itxita egon beharko dute gaurtik aurrera. Neurri berria arautzeko dekretua igande gauerdian atera zen, eta nahasmena sortu du horrek lantokietan. Dena den, LAB sindikatuak emandako datuen arabera, Azkoitian itxita daude Osatu, Gohita, Intza Group, Ordelan, Murua eta Sidenor lantegiak, eta Sammic-eko langile ia denak etxera bidali dituzte. LAB sindikatuak salatu du enpresariak, orokorrean, "zirrikitu bila" dabiltzala beren enpresak irekita mantendu ahal izateko

Funtsezkoak ez diren jardueretako langileak ez dira lantokietara joango gaurtik apirilaren 9ra arte. Larunbatean eman zuen Espainiako Gobernuak neurri berri horren berri, eta izatez indarrean atzo sartu bazen ere, hori arautzeko dekretua igande gauerdia baino lehenxeago argitaratu zuten Espainiako Aldizkari Ofizialean. Hori dela eta, enpresetan zalantzak izan zituzten atzo, beren jardunarekin jarraitu ahal izango ote zuten ziur ez baitzekiten askok. Hori dela eta, eskualdeko enpresa gehientsuenek ateak zabaldu egin zituzten, 24 orduko epea baitzuten zalantzak argitzeko eta itxierarako antolatzeko. ELAko ordezkari Zigor Gazpioren arabera, gaurtik aurrera ezingo dute zabaldu Urola Kostako lantoki gehien-gehienek, nahiz eta zerrenda zehatzik ez duten oraindik.

LAB sindikatuak emandako datuen arabera, Azkoitian, itxita daude Osatu, Gohita, Intza Group, Ordelan, Murua eta Sidenor lantegiak, eta Sammic-eko langile ia denak etxera bidali dituzte. Azpeitian, berriz, Arimar, Areka, Ormola, Tecnicur, Glual, Tecnalia, Biele, Astigarraga Kit Line eta Sarralle itxi dituzte. Zestoan Industrias Altzubia (Logure), Mecanizados TAR eta GRI Castings itxi dituzte, eta Forjas Iraeta ezingo dute zabaldu, dekretuan jasotako irizpideen arabera. Aizarnazabalen, Migsa eta Obe Hettich lantegiak ere itxita daude. Aldiz, Bombas Azcue irekita dago momentuz, eta Goialde lantokia zabalduko duten edo ez ez da ziurra.

Zumaian, GKN automozio enpresa, Lagun Artea eta Balenciaga ontziola itxita daude, eta Mendiaraiz ezingo dute gaurtik aurrera zabaldu. Getarian eta Aian lantegiak dituen Indauxek ospitalerako altzariak egiten ari dela azaldu du sindikatuko ordezkariak, eta haren arabera, "lantegia irekita mantentzeko ahaleginak egiten ari dira". Zarautzen, berriz, itxita daude Fresmak, Otzarreta, Elesa eta Arrona Hermanos enpresak. KSB Iturrek martxan jarraituko du, beren jarduna beharrezkotzat jotzen dutelako, eta Electro TAZ enpresak ere zabalik jarraitzen du. Aiako Ondozabalek ateak zabalik jarraituko du.

ELAko ordezkariaren esanetan, funtsezko zereginen zerrenda horretan sartzen ez diren hainbat enpresak "beharrezkoa den materiala" sortzen dihardute, eta hori egin ahal izateko martxan izan behar dute fabrika. Dena dela, Gazpiok uste du horrek ezin duela "aitzakia" izan enpresa osoa zabalik izateko. Horrekin lotuta, salatu du enpresek "etekin ekonomikoak bakarrik" hartzen dituztela kontuan, "langileen osasuna albo batera utzita". 

Babesa, oinarrizkoentzat

LAB sindikatuak salatu du enpresariak, orokorrean, "zirrikitu bila" dabiltzala beren enpresak irekita mantendu ahal izateko. "Orain, bat-batean, denen jarduna da behar-bebarrezkoa", azaldu du Aihotz Aiestaran LABeko ordezkariak. Horren aurrean, beharrezkoa ez den guztia itxi behar dela irmo defendatzen jarraitzen du sindikatuak: "Batetik, oso-oso zaila ikusten dugu industrian segurtasun neurri guztiak hartzea, eta bestetik, ez zaigu zentzuzkoa iruditzen babesteko materiala industriara bideratzea; izan ere, Osakidetzako langileek, egoitzetakoek, etxez etxeko zaintzaileek edo supermerkatuetakoek ez dute nahikoa", adierazu du Aiestaranek. "Zertarako bideratu material hori kotxeentzako motorrak egiten dituen enpresa batera?", galdetu du. Izan ere, uste du "oinarri-oinarrizkoen segurtasuna bermatuta izan arte itxi behar direla gainontzeko enpresak". 

Horrez gain, zalantza piztu da egunotan lana aldi baterako erregulatzeko txostena eskatuta zuten enpresek aurrerantzean izango duten jardunarekin. Enpresa askok ez dituzte jaso oraindik eskaera horien erantzunak, baina LAB sindikatuko ordeskariak azaldu du bost eguneko epean erantzunik jaso ez duten horiei onartutzat eman dietela erregulazioa; horri isiltasun administratiboa deitu diote. Iragan astean lana aldi baterako erregulatzeko txostena onartu zieten enpresek erregulazio hori indarrean izango dute aurrerantzean ere. Egoera hori aplikatuta ez zeuden eta orain funtsezko jardunen zerrendan sartzen ez diren lantoki horietako langileak dira orain "galdutako" orduak aurrerago berreskuratu beharko dituztenak.

Lantokiak, alarma egoeran

Momentuz halako ezer gertatuko denaren zantzurik ez badago ere, alarma egoeran indarrean da Euskal Herrian ere, eta egoera muturrera iristen bada, posible da Espainiako Estatuak enpresen kontrola hartzea. Horrek gehien eragingo oinarri-oinarrizko ekoizpena duten lantokiei eragingo die. Estatuak hala erabakitzen badu, armadak enpresa horien gidaritza har dezake, eta zenbat eta zer epetan ekoiztuko duen kontrolatu ere bai, langileen eskubideak (jai egunak, ordutegiak...) kontuan hartu gabe.

Eskualdera begira jarrita, Okin enpresa litzateke halakorik aplikatzea posible den enpresetako bat, ogia ekoizten baitute lantoki horretan. Gainontzeko lantokiek ere badute arrisku hori, baina ohiko jardunean ekoizten duten materialarekin jarraitu beharrean, estatuak behartu ditzake "funtsezkoa den hori" egitera, horretarako baliabiderik baldin badauka. LABeko kideak garbi utzi du hori ez dela gertatuko jakien banaketa ondo bermatuta dagoelako, baina jakinarazi du alarma egoerak baimentzen duela hori egitea. Uste du garrantzitsua dela horren jakitun izatea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide