Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebusen garraio zerbitzua %54 murriztu du COVID-19 gaitza dela eta. Lurraldebusek gaur, asteazkena, jarri ditu martxan ordutegi berriak linea guztietan, baina ospitalerako autobus zerbitzuen ordutegia orain arte bezala mantendu du. Ospitalera doazen zerbitzu horietan, gainera, larunbatetan eta jaiegunetan astegunetako ordutegi bera ezarriko dute.
Espainiako Garraio Ministerioaren eta Osasun Larrialdiko Adierazpenaren aginduz hartu du erabakia aldundiak, eta Euskadiko Garraio Agintaritzan adostu dira neurri berriak. Mugikortasun departamentuaren arabera, autobus zerbitzua %54 murriztu arren, lanerako mugikortasuna eta oinarrizko zerbitzuetara iritsi ahal izatea bermatuko du Lurraldebusek. Honako lotura honetan ikus daitezke Urola Erdiko linea guztien ordutegi berriak.
Bestalde, aldundiak azaldu du autobus bakoitza gutxienez egunean behin garbitzeko eta desinfektatzeko operatiboak bere horretan jarraitzen duela eta ospitaletara doazen zerbitzuen ezohiko garbiketa zabaldu egin dutela. Horrez gain, gogorarazi dute autobusera ezin dela aurreko atetik sartu, eta ez dela sarrera esku dirutan ordaintzerik onartuko. Bestalde, Lurraldebusek heren batera mugatu du autobusera sar daitezkeen herritarren kopurua.