Hilaren 15ean hasi zen lanean Azkoitian koronabirusak ekarri duen konfinamendu egoerari aurre egiteko boluntario taldea, etxetik irten ezinda dauden adinekoei eta arrisku taldeetako pertsonei erosketak egiteko laguntza zerbitzua. Handik egun gutxira, herritar talde batek abian jarritako egitasmoa zabaldu eta indartu zuten udalak, Gurutze Gorriak eta Caritasek. Gaur, astebetean Azkoitiko boluntario sareak egindako lanaren gaineko zenbait datu eman ditu udalak.
Momentuz, bederatzi herritarrek eskatu dute boluntario sarearen laguntza. Guztira, 80 pertsonak osatzen dute Azkoitiko boluntario sarea: laguntzeko izena eman duten 71 herritarrek eta Gurutze Gorriaren beste zortzi boluntariok. Guztien ahalegina goraipatu du udalak: "Benetan eskertzekoa, txalotzekoa eta eredugarria da egiten dutena".
Udalaren arabera, Koronabirusaren Jarraipen Mahaia, Gizarte Zerbitzuen saila eta Udaltzaingoa dira egunotan boluntario sareari lotutako egiteko nagusiak bere gain hartu dituztenak. "Administrazioa laguntzeko dago, eta orain inoiz baino gehiago. Orain konfinamendua ondo eramatea konplexua egiten zaien pertsonek kezkatzen gaituzte, osasun arrazoiengatik, bakarrik bizi direlako, egoera honek antsietatea eta depresioa eragiten dizkietelako, edota erasotzailearekin partekatu behar dituztelako denbora eta espazioa. Lehenago edo beranduago aterako gara, eta kolpe humano, ekonomiko eta sozial latza izaten ari den arren, seguru nago guztion artean buelta ematen asmatuko dugula, guztion indarrarekin eta bultzadarekin", adierazi du Javier Zubizarreta alkateak.
Telefono deiak
Udalaren Gizarte Zerbitzuen sailak 65 urtetik gorako 2.380 pertsonaren profilak eta egoerak aztertu ditu azken egunetan, zaurgarritasun egoera pairatu dezaketen gizon-emakumeak atzemateko, bakarrik bizi direlako edota une honetan ez dutelako etxekorik ondoan. Telefonoz jarri dira harremanetan saileko teknikariak herritar horiekin, bizi duten egoeraz eta dituzten beharrez galdetzeko. Bederatzik eskatu dute oraingoz laguntza zerbitzua, erosketak edo botikak etxera eramateko; bakarren batek butano botilak etxera igotzeko laguntza ere eskatu duela azaldu du udalak. "Gizarte Zerbitzuen saila harremanetan dago egoera okerrenean dauden pertsona horiekin guztiekin eta telefono deiak egiten jarraituko dugu, jarraipen egokia bermatzeko", azaldu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Janire Igoak.