Selektibitatea uztailaren 6tik 8ra egingo du Euskal Herriko Unibertsitateak

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 25a, 16:31

Euskal Herriko Unibertsitateak uztailaren 6tik 8ra egingo du selektibitatearen ohiko deialdia; ezohiko deialdia, aldiz, uztailaren 20tik 22ra izango da.

Aurten ohi baino beranduago egingo dute batxilergoko ikasleek unibertsitatera sartzeko hautaproba.  Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroa erkidegoetako ordezkariekin bildu da bideokonferentzia bidez, gaur, asteazkena, eta horiei selektibitatea ekainaren 22tik uztailaren 10era bitartean antolatzeko eskatu die hark.

Bilera horretan izan da Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Hark adierazi duenez, Euskal Herriko Unibertsitateak uztailaren 6tik 8ra egingo du selektibitatearen ohiko deialdia, eta uztailaren 20tik 22ra, ezohikoa. Ohiko deialdiaren emaitzak uztailaren 15ean jakinaraziko dituzte, eta ezohikoenak, hilaren 29an. 

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, "bere eskumen berezitasunagatik definitutako eskumen eremuan oinarrituta, Euskadi arduratuko da egungo probak egokitzeaz, ebaluazio irizpideak berrikusteaz edo proba mota malgutzeaz". Lan hori Euskal Herriko Unibertsitatearekin koordinatuta egingo dutela ere esan du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide