Baieztatutako 40 koronabirus kasu daude Urola Kostako herrietan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 25a, 14:53

Azken 24 orduetan beste hamar kasu atzeman dituzte; horietatik bederatzi, Zarautzen. Aiara ere iritsi da gaitza; herritar bat dago kutsatuta. Gainerako herrietan ez du gorabeherarik izan kutsatuen kopuruak. Zumaian hiru herritar daude gaixorik eta Getarian, Azkoitian eta Azpeitian, bina.

Kezkagarriak dira azken egunotako datuak. Koronabirusa zabaltzen ari da Urola Kostako herrietan eta geroz eta abidura handiagoan, gainera. Azken 24 orduetan beste hamar kasu baieztatu dituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak, eta horiekin, dagoeneko 40 dira eskualdean gaixorik dauden herritarrak. Zarautz da kutsaturik gehien dituen herria eta baita azken 24 orduetan kasu berri gehien atzeman dituztena ere. Gutxienez, 30 herritarrek dute COVID-19 gaitza, atzo baino bederatzi gehiagok. Hamargarren kasua, berriz, Aian atzeman dute eta herri horretako lehendabizikoa da. Gainerako herrietan ez du gorabeherarik izan koronabirusak kutsatutakoen kopuruak. Zumaian hiru herritarrek dute gaitza eta bina herritarrek dute Getarian, Azkoitian eta Azpeitian. Horiek dira Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen datuak, baina gehiago izan daitezke benetan gaixorik daudenak. Urola Kostan ez ezik, Euskal Herrian ere kutsatuen kopuruak hazkunde nabarmena izan du azken 24 orduetan, orain artekorik handiena. Hego Euskal Herriko bi administrazioek kaleratu dituzten datuen arabera, 726 koronabirus kasu baieztatu dituzte egun bakarrean, eta dagoeneko 4.468 dira lau herrialde horietan gaitzak jotakoak.

Ipar Euskal Herriko datu zehatzik, berriz, ez dago. Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen ditu —Pirinio Atlantikoetan 40 gaixo atzeman dituzte—, baina ez da posible probintziaka bereiztea. Jakin da, hala ere, gutxienez hamar kasu baieztatu direla Lapurdin, Baionako zahar etxe batean bost kasu atzemanda —hiru egoiliar eta bi langile—. Beraz, horiekin, gutxienez 4.478 lirateke Euskal Herrian koronabirusak jotako herritarrak.

Hildakoen kopuruak ere gora egin du beste egun batez, azken 24 orduetan 22 lagun zendu direla jakinarazi baitute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Aurretik Hego Euskal Herrian hildakoak eta Paueko erietxean zendutako zuberotarra kontuan izanda, guztira 189 dira Euskal Herriak COVID-19 gaitzak jota hil diren herritarrak.

Hazkunderik handiena

Azken 24 orduetan atzemandako datuen kopuruak (726) aise gainditu ditu aurreko egunetakoak, izan ere, astelehenean 411 positibo berri jakinarazi zituzten eta asteartean, 435. Dena dela, ez dago datu horien inguruan ondorio garbirik ateratzerik, koronabirus proba gehiago egin izanak eragindako hazkundea izan baitaiteke. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orain arte 8.735 detekzio proba egin dituzte; horietatik 1.199 herenegun, aurreko egunetan baino % 30 gehiago.

Bizkaia da kutsaturik gehien dauden Hego Euskal Herriko herrialdea (1.501) eta azken 24 orduetan kasu berri gehien atzeman dituztena ere (312). Araba (1.207) eta Nafarroa (1.197) dira hurrengoak, 121 eta 183 positibo berrirekin, hurrenez hurren. Kutsatu gutxien, berriz, Gipuzkoan daude (563), nahiz eta azken egunotan abiadura biziagoan ugaritzen ari den. Azken 24 orduetan 183 kasu berri atzeman dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide