"Badakigu zer arrisku daukagun kalera ateratzen garen bakoitzean"

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 25a, 09:30

Alerta egoeraren barruan, joan den ostiraletik kalera irteteko baimena dute autismoa duten eta jokaera disruptuboak dituzten pertsonek. Marea Urdinako kide den Haritz Orbegozok Luken semearekin irteten du "pasiera txiki bat" ematera, "baina ez egunero". Oso eskertuta dago Orbegozo aukera hori dutelako, eta hori lortzeko ahalegina egin duten bailarako pertsonekin.

Koronabirusaren pandemia dela-eta ezarri duten alerta egoeraren barruan, Autismoaren Espektroaren Nahasmendua (AEN) duten herritarrek eta jokaera disruptiboak dituztenek kalera ateratzeko baimena dute joan den ostiraletik. Koronabirusaren kutsadura saihesteko neurriak hartuta eta beste pertsona batek lagunduta irten behar izaten dute horiek etxetik. Espainiako Gobernuak neurri hori hartu aurretik, Marea Urdina elkarteak gauza bera eskatu zien bailarako udal gobernu denei. Haritz Orbegozo elkarte horretako kidea da, eta haren seme Lukenek autismoa du. Gustura dago kalera irteteko baimena lortu dutelako, eta lorpen hori hala izan dadin "lanean jardun duten bailarako lagun guztiak" eskertu ditu.

Alarma egoerak ezarritako konfinamenduak pertsona horien egoera larriagotu egiten du, eta kanpora atera eta "arnas pixka bat" hartu beharra daukate. Orbegozoren semeak etxetik irteteko baimena izan arren, ez dira egunero ateratzen. "Ahal dela, bi egunean behin ateratzen gara, ahalegintzen gara egunero ez irteten. Pertsona hauentzako arnasa hartzea da kalera ateratzea; bestela, beren egoerak okerrera egin dezake. Kalera irteteko aukera izanda, uste dugu konfinamendu egoera hau lasaiagoa egingo zaiola semeari".

Ahal diren babes neurri guztiak hartuta irteten dute etxetik Orbegozok eta haren semeak. "Etxetik kanpo gaudenean ez dugu ezer ukitzen, ez gara inon esertzen, ez dugu inon urik edaten... Inorekin topo egingo ez dugun tokietara joaten gara pasierara. Gero, etxera sartzerako, oinetakoak kendu eta desinfektatu egiten gara", azaldu du Orbegozok. Kalera irteten dutenetan, semearen ezgaitasun txartela hartuta ateratzen dira.

Orbegozok dio etxetik ateratako bakoitzean jabetzen dela kutsatzeko duten arriskuaz: "Badakigu zer arrisku daukagun, eta horregatik, adi eta tentuz ibiltzen gara kanpoan. Gainera, ahal dugun gutxiena ateratzen gara. Baina haur hauentzako arnasa da kalera ateratzea, horrek lasaitu egiten ditu. Gure beldur handiena seme-alabak kutsatzea da. Kasu horretan, bakartu egin beharko lirateke, eta hori okerragoa izango litzateke ume hauentzat".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide