Beste sei koronabirus kasu atzeman dituzte Urola Kostan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 24a, 14:06

Dagoeneko 30 dira eskualdean baieztatu dituzten kasuak. Zarautzen 21 herritar daude COVID-19ak jota; Zumaian, hiru; eta Azkoitian, Azpeitian eta Getarian, bina.

Hazten ari da Urola Kostan koronabirusa duten herritarren kopurua. Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratu dituen datuen arabera, dagoeneko 30 dira gaitzak jotakoak, atzo baino sei gehiago. Zarautz dago kutsatuen zerrendaren buruan. Azken 24 orduetan beste hiru kasu egiaztatu dituzte han eta, horiekin, 21 dira koronabirusak jotako herritarrak. Zumaian hiru lagun daude gaixorik, atzo baino bi gehiago, eta Azpeitian bi, atzo baino bat gehiago. Azkoitian eta Getarian azken 24 orduetan ez du gorabeherarik izan koronabirusak jotakoen kopuruak; bina lagun daude herri horietako bakoitzean. Horiek dira Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen datuak, baina gehiago izan daitezke benetan gaixorik dauden herritarrak. 

Euskal Herrian ere kutsatuen kopuruak hazten jarraitu du beste egun batez, eta baita gaitzak jota hil direnenak ere. Azken 24 orduetan beste 435 koronabirus kasu baieztatu dituztela jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eta, guztira, 3.742 direla Hego Euskal Herrian koronabirusak jo dituen herritarrak. Hildakoak, berriz, dagoeneko 164 dira Hego Euskal Herrian. Horietatik hogei, azken 24 orduetan zendu dira. Herenegunetik atzora, 33 lagun hil ziren, beraz, aipagarria da azken 24 orduetan jaitsi egin dela egun bakarrean hildakoen kopurua. 

Datu horiei erantsi behar zaizkie Ipar Euskal Herrikoak, nahiz eta hango datuak ez diren zehatzak. Izan ere, Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen ditu —Pirinio Atlantikoetan 32 gaixo atzeman dituzte—, baina ez da posible probintziaka bereiztea. Jakin da, hala ere, gutxienez hamahiru eri eta hildako bat badirela. Beraz, Euskal Herrian, gutxienez, 3.742 lirateke koronabirusak jota dauden herritarrak, eta 165 hildakoak. 

Datuei herrialdeka erreparatuz gero, ondoriozta liteke Nafarroan erabakigarriak izango direla datozen orduak, erietxeetan dauden 405 lagunetik 45, ZIU Zainketa Intentsiboen Unitatean daudelako ospitaleratuta. Azken egunetan asko hazi da gaixoen kopurua herrialde horretan, eta dagoeneko 1.014 lagun dira koronabirusa dutenak. Dena dela, Bizkaia da kutsatu gehien dituen herrialdea, 1.189, hain zuzen. Araban 1.086 herritarrek dute koronabirusa eta Gipuzkoan, 453 herritarrek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide