Koronabirusak jotako herritarren kopurua hazten ari da Euskal Herrian eta hazten ari da Urola Kostan ere. Atzo baieztatutako kasuak zazpi ziren —Zarautzen sei eta Getarian—; gaur, berriz, hamabost. Gehienak Zarautzen daude, 11; eta bana daude Azkoitian, Azpeitian, Getarian eta Zumaian. Horiek dira gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzak eman dituen datuak, baina benetako kutsatuen kopurua handiagoa izan daiteke.
Euskal Herrian, berriz, gutxienez, COVID-19 gaitzak jotako 2.065 herritar daude Euskal Herri osoan —atzo baino 386 gehiago—, eta 78 lagun hil dira, horietatik hogei azken 24 orduetan.
Egunero bezala, Eusko Jaurlaritzak gaur ere eman ditu koronabirus kasuen inguruko datu eguneratuak. Atzotik 275 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 1.465 lagun daude kutsatuta hiru lurralde horietan: 703 Araban –atzo baino 82 gehiago–, 539 Bizkaian –atzo baino 146 gehiago– eta 223 Gipuzkoan –atzo baino 47 gehiago–. 550 daude erietxeetan, eta atzoz geroztik, hemezortzi pertsona hil dira: guztira, 71 dira zendutakoak –48 Araban, hamazazpi Bizkaian, sei Gipuzkoan bost.
Nafarroan, berriz, 593 dira gaitzak jotako herritarrak, atzo baino 111 gehiago. Azken 24 orduetan hildako bat izan da Nafarroan, eta guztira sei dira koronabirusagatik hil direnak. Han, 195 lagun daude erietxean. Aldiz, Ipar Euskal Herriko datuak ez dira zehatzak: Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen ditu —Pirinio Atlantikoetan hogei gaixo atzeman dituzte—, baina ez da posible probintziaka bereiztea. Jakin da, hala ere, gutxienez zazpi eri eraman dituztela Baionako erietxera, Lapurdin; Zuberoako gaixoak Pauko ospitalera eramaten dituzte, eta han hil da zuberotar bat.