1.359 gaixo eta 44 hildako, Euskal Herrian

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 18a, 14:29

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, positibo gehiago egon dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gipuzkoan, esaterako, atzo baino 41 lagun gehiago daude koronabirusarekin kutsatuta. Hala eta guztiz, baliteke kasu gehiago egotea, sintoma arinak dituzten herritarrei ez dietelako probarik egiten. Koronabirusa zuten beste lau lagun hil dira azken orduetan; guztira, 40 dira Euskal Herrian zendutakoak.

Eusko Jaurlaritzak gaur ere eman ditu koronabirus kasuen inguruko datu eguneratuak, eta atzotik 208 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 973 lagun daude kutsatuta hiru lurralde horietan: 545 Araban –atzo baino 71 gehiago–, 297 Bizkaian –atzo baino 96 gehiago– eta 131 –atzo baino 41 gehiago– Gipuzkoan. Gainera, atzoz geroztik lau pertsona hil dira: guztira, 40 dira zendutakoak. Kasu berrien kopurua orain arteko altuena da, eta Jaurlaritzak esan du oraindik ez dela "goia jo" eta egoerak "larria" izaten segitzen duela.

Jaurlaritzak adierazi duenez, koronabirus kasuak atzemateko 4.020 proba egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta zenbateko hori Europako batez bestekoaren gainetik dagoela azaldu du; izan ere, milioi bat biztanleko 350 proba egiten dituzte Europan, eta 1.837 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Dena den, asko dira sintomak dituzten eta probarik egin egiterik izan ez duten herritarrak; izan ere, sintoma arinak dituztenei ez diete proba egiten, eta horiei hamabost egunez etxetik atera gabe egoteko esan diete.

Martxoaren 15ean probak egiten protokoloa aldatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Hain zuzen ere, igandetik atzora arte osasun arloko zein funtzio publikoko langileei eta ospitaleetan dauden gaixoei soilik egin dizkiete probak. Gaur, baina, azken 24 orduetan proba kopurua %50 handitu duela azaldu du Jaurlaritzak. Gainera, atzo, asteartearekin, datuak jasotzeko eta zabaltzeko metodologia ere aldatu du Jaurlaritzak Madrilgo Gobernuarenarekin bat egiteko: atzotik, bezperako 20:00etara arteko datuak ari dira ematen hurrengo egunean.

Gaur emandako datuen arabera, Euskal Herrian 1.359 pertsonak dute koronabirusa, eta 44 lagun hil dira gaitzaren ondorioz. Nafarroan asko ugaritu dira kasuak azken egunetan; administrazioak emandako datuen arabera, 386 dira gaitza duten herritarrak. Ipar Euskal Herrian, berriz, ez dira datu zehatzak ematen ari, Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen dituelako. Dena den, Pirinio Atlantikoetan hogei kasu atzeman dituzte, eta Baionako ospitalean zazpi eri ari dira koronabirusagatik artatzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide