Ertzaintzak kontrol gehiago ezarriko ditu datozen egunetan errepideetan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 18a, 09:34

Beharrezkoak ez diren bidaiak eragotzi nahi ditu Ertzaintzak. Biharko jaiegunaren harira, bigarren etxebizitzetara joatea debekatuta dagoela gogorarazi du. Autoan banaka joatea gomendatzen dute.

Ertzaintzak jakinarazi du datozen egunetan kontrol gehiago ezarriko dituela errepideetan. Horrela, beharrezkoak ez diren bidaiak eragotzi nahi ditu. Biharko –martxoak 19– jaiegunaren harira eta egunotan jendeak zubia duela kontuan hartuta, Ertzaintzak gogorarazi du debekatuta dagoela bigarren etxebizitzetara mugitzea; ohiko etxebizitzetan egin beharko dute konfinamendua herritarrek. 

Autoa lanera joateko edo lehentasunezko beharrei aurre egiteko soilik har daiteke; ez aisialdiko ekintzak gauzatzeko. Hori horrela dela baieztatzeko, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrolak ezarriko dituzte errepideetan eta garraio kolektiboaren geltokietan. 

Koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta, Ertzaintzak errepideak edo haien zenbait zati itxi ahal izango ditu osasun publikoa bermatzeko. Gainera, gidariei lekualdaketaren arrazoia galdetu ahal izango diete ertzainek, eta hori hala dela ziurtatu beharko du gidariak. 

Autoan pertsonak banaka ibiltzea gomendatzen du Ertzaintzak. Ibilgailuan beste pertsona bat sartzen baldin bada, pertsona horrek autoaren atzeko eta eskuineko eserlekuan joan beharko du; modu horretan, segurtasun distantzia errespetatuko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide