COVID-19k eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera indarrean, eta aurreko egunetan bezeroen kontsumo fenomenoa ikusita, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Elikaduraren Klusterrak, Carrefourrek, Eroskik, Mercadonak eta Uvescok dei egin diete euskal herritarrei kontsumo arduratsua egin dezaten eta saltokietara joan daitezen unean uneko benetako beharraren proportzioan erostera.
Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak elikadura kate egituratu eta orekatu bat duela adierazi dute, herritar guztientzako elikagai hornidura eta hornikuntza bermatzeko. Ezohiko egoeraren aurrean, elikadura kateko katebegiak osatzen dituzten agenteek osasun agintariek eskatutako prebentzio neurriak ezarri dituzte, eta kate osoaren gaitasunak handitu dira. Ondorioz, "beren jarduera berme osoz garatzeko eta elikadura-produktuen ekoizpenaren, eraldaketaren, banaketaren eta salmentaren funtzionamendu egokia eskaintzeko prest daude".
"Kontsumo neurrigabea"
Egunotako "kontsumo neurrigabea" nabarmendu dute, salbuespen egoerak eragindakoa. Horrek salmenten igoera asko handitu duela une batzuetan adierazi dute. Horren aurrean, elikadura kateko profesionalak errespetatzea eta laguntzea eskatu dute, alarma egoera horretan beren eginkizunak behar bezala bete ditzaten. "Gure ustez, kontsumo logikoko eta zentzuzko praktika bat aliaturik onena izango da".
Araba, Gipuzkoaeta Bizkaiko elikadura kateak "bere gain" hartu du zaindu behar den zerbitzu publikoko funtzioa; hau da, berriki hartutako konpromisoa gogorarazteko, elikagaien xahutzea gutxitzeko. "Frogatuta dago elikagaien gehiegizko kontsumo batek xahutze hori handituko duela".
Era berean, Osasun Sailetik zehaztu dituzten autobabeserako neurriak gogorarazi dituzte, eta, gainera, beste pertsona batzuekiko segurtasun artea beti mantentzea gomendatu dute, erabili eta botatzeko eskularruak erabiltzea, eta ahal den guztietan txartelarekin ordaintzea.