Galdu egin dute ISBren bi talde nagusiek

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 10a, 09:26

Juaristi ISBko jokalariak, errebotea ixten.

Añares Rioja ISBk eta Juaristi ISBk galdu egin zuten asteburuan. Bi taldeek Azpeitiko kiroldegian jokatu zituzten partidak.

Añares Rioja ISBk ezin izan du garaipena erdietsi asteburuan. Patatas Hijolusa taldea izan zuen aurrez aurre zapatuan, Azpeitiko kiroldegian jokatutako partidan, baina Leongo taldea gehiago izan zen, eta 66 eta 81 bukatu zen neurketa. Lehen hiru laurdenetan aurretik izan zen Patatas Hijolusa; laugarrenean puntu gehiago batu zituen ISBk. Hala ere, ez zen nahikoa izan. Partidako eta etxeko saskiratzaile onena Nicole Nunn izan zen: 25 puntu lortu zituen hark. 

Juaristi ISBk, berriz, Zilarrezko LEB Ligako liderraren bisita jaso zuen igandean, eta are liderrago egin zen Murtzia partida irabazita. Erraz garaitu zuen etxeko taldea; izan ere, 53 eta 86 bukatu zen norgehiagoka. Lehen laurdena nahiko estua izan zen; 15 eta 16 bukatu zen. Dena den, bigarrenetik aurrera jokoaren gidaritza Murtziarena izan zen. Kiroldegian zale ugari izan zen etxeko taldea animatzen, baina bultzada hori ez zitzaion nahikoa izan Juaristi ISBri. Federico Van Lacke izan zen etxeko saskiratzaile onena; hark hamabi puntu batu zituen Murtziaren aurkako neurketan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide