Eneritz Arrieta pilotari azkoitiarra pilota goxoko Emakume Master Cup txapelketako finalerdietara sailkatu zen atzo, igandea, Pasai Antxon (Gipuzkoa). Amaia Jaka bikotearekin batera, 18 eta 1 menderatu zituzten Uxue Larrea eta Lierni Gartziarena.
Partida oso azkarra jokatu zuten lau pilotariek. Pilotari azkoitiarrak maila handia eman zuen Pasaian. Kolpe handiarekin eta defentsa sendoarekin, emankor aritu zen tantoak amaitzerako unean. Eneritz Arrietak eta Amaia Jakak Nagore eta Leire Galeano izango dituzte aurkari finalerdietan. Martxoaren 14an jokatuko dituzte finalaren atariko partidak, Elgoibarren (Gipuzkoa).