Gaur, martxoaren 1arekin, egin dute Lilatoiaren XXXI. edizioa, Donostian. Korrikalariz bete dira kaleak, eta inoiz baino emakume gehiagok hartu dute parte lasterketan: 6.564k. Norantza bakarra du bideak lelopean egin dute gaur proba, eta urtero legez, azkoitiarrak ere izan dira tartean. Hain zuzen ere, Azkoitiko 48 emakumek osatu dute lasterketa.
Festa, kirola eta aldarrikapenak izan dira nagusi, baina sailkapena izaten du probak, eta azkoitiarren artean azkarrena Alaitz Etxeberria (20:53) izan da, 27. helmugaratuta. Josune Uribe (24:19) izan da azkoitiarren artean bigarren azkarrena (111. sailkapen orokorrean), eta Kontxi Zurriarain (25:11), berriz, hirugarrena (sailkapen orokorrean 354. izan da). Sailkapen osoa honako lotura honetan ikus daiteke.
10:30ean hasi da 4,7 kilometroko ibilbidedun lasterketa entzutetsua. Ehunka eta ehunka emakume atera dira martxoaren 8aren bueltan egiten den proban. Talde berezi bat ere atera da gaurkoan: Marea Urdinako kide batek ere egin du proba, hainbat herritarrek lagunduta.
Irutxuloko Hitzak XXXI. Lilatoiaren argazki bilduma egin du, eta honako lotura honetan ikus daiteke.