Eneritz Arrietak Emakumea Pilotari txapelketa irabazi du

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 15a, 10:12

Emakumea Pilotari txapelketako finalak jokatu zituzten atzo Zestoako kiroldegiko frontoian. Eneritz Arrieta eta Maddi Mendizabal 22 eta 21 gailendu zitzaizkien Patri Espinarri eta Nora Mendizabali.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren Emakumea Pilotari txapelketako finalak jokatu zituzten atzo, ostirala, Zestoako kiroldegiko frontoian. Eneritz Arrieta azkoitiarrak lehen mailako finala jokatu eta txapela janztea lortu zuen.

Arrietak Maddi Mendizabal izan zuen bikote, eta Patri Espinar eta Nora Mendizabal izan zituzten parez pare. Partida oso estua eta lehiakorra izan zen; markagailuak berdinketa adierazten zuen behin eta berriro: 5-5, 7-7-, 11-11, 12-12. Joera horri eutsi zioten neurketaren amaierara arte; izan ere, 21 eta 21 iritsi ziren azken unera. Azkenean, baina, Arrietak eta Maddi Mendizabalek jantzi zuten txapela.

Aurrez, bigarren mailako finala jokatu zuten Agirre-Berrocal eta Tolosa Arraiza bikoteek, eta azken horiek aise gailendu ziren (10-22).

Neurketak amaitzean, sari banaketa egin zuten. Mikel Arregi Zestoako alkateak eta Aitor Salegi zinegotziak banatu zizkieten oroigarriak pilotariei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide