Bihar hasiko dira IX. Antzerki Jardunaldiak Matadeixen, eta ekainera bitartean hainbat antzezlan ikusteko aukera eskainiko dute. Fanny Giraud clown frantziarraren Juntos bakarkako antzezlana izango da aurtengo jardunaldietako lehen antzezlana. Bihar, igandea, izango da obra hori ikusteko aukera, 19:00etan, Matadeixen.
Fanny Giraud clown frantziarrak Sofia pertsonaia gorpuztuko du bihar Matadeiko agertokian, eta jaiotzaz, bizitzaz, festaz, bakardadeaz eta besteekiko harremanaz hausnartuko du, besteak beste.
6 urtetik gorako ikus-entzuleentzako obra da Juntos, eta 55 minutu irauten ditu.
12 urte zituenetik landu du antzerkia Giraudek, eta ordutik antzerkiari, clownari eta zirkuari lotutako lanak egin ditu. Gainera, antzerkiko eta zirkuko irakasle ere aritu izan da, helduekin zein haurrekin.