Presoen eskubideen alde, jende ugari elkartu da azken ostiraleko elkarretaratzean

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 1a, 11:10

2020ko aurreneko azken ostirala izan zen atzo, urtarrilak 31, eta hilabetero egin ohi duten gisan, euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten atzokoan ere Azkoitiko plazan, 19:00etan hasita. Jende ugari elkartu zen kontzentrazioan, eta euskal presoak etxean izan arte lanean jarraituko dutela azpimarratu zuten. Era berean, "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko garaia dela adierazi zuten. 

Gogoan izan zituzten "Espainiako eta Frantziako gobernuei presoen auziaz erantzun eta jarrera egokia eskatzeko" urtarrilaren 11n Orain presoak, atera bidera lelopean Bilbon eta Baionan egindako manifestazio jendetsuak. Era berean, elkarretaratzearen deitzaileek azaldu zuten "positiboki" baloratzen dutela Lakuako gobernuak Espainiako gobernuari presoak Euskal Herritik gertuen dauden espetxeetara mugitzeko proposatutako hurbilketa plana: "Positiboki baloratzen dugu proposamen hori, urrunketaren amaiera exijitzen duen edozein jarrera ontzat hartzen dugulako".  

Halaber, gogoratu zuten "33 urte" igaro direla "urrunketa eta egungo espetxe politikaren salbuespen neurriak" ezarri zirenetik. "Urte asko" direla azpimarratu zuten, eta, era berean, orain arteko bidea "justifikazioz eta aitzakiaz betetako bidea" izan dela salatu zuten. Hori dela eta, espetxe politikari amaitzera jartzeko eta "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko galdegin zuten: "Frantziako eta Espainiako gobernuei eskatzen diegu egungo espetxe politikari amaiera jartzeko, ezbairik gabe, eta egoerak eskatzen duen premiarekin".

Presoak etxean izan arte lanean jarraituko dutela esanez amaitu zuten hitzartzea: "Hemen gaudenok lanean jarraituko dugu sufrimendua atzean uzteko nahiarekin eta bakea eta elkarbizitza lortzeko helburuarekin". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide