Wadna elkarteak antolatuta, Sahararen aldeko janari bilketa egiten ari dira gaur, zapatua, Azkoitian. Elkarteko kideak Eroski saltokian dira herrialde horretara bidaltzeko elikagaiak jasotzen, eta dozenaka herritarrek adierazi dute hango herritarrenganako elkartasuna eguerdira bitartean. Besteak beste, arroza, pasta, lekaleak, kontserbak eta konpresak jasoko dituzte, 20:30era bitartean.
Jasotako elikagaiak Sahararen aldeko XVI. Euskal Karabanarekin batera bidaliko dituzte herrialde horretara, datorren otsailean. Tindufeko kanpalekuetan bizi diren Saharako errefuxiatuei laguntzeko egitasmoa da Euskal Karabana, eta Zestoako Wadna eta Zumaiako Daralhi elkarteek proiektuarekin bat egin dute beste urte batez. Sahararrek duten elikagai eskasia tarteko, haiei laguntzea da proiektuaren helburua.