Azkarateko pinudi batek su hartu zuen atzo, asteartea, 16:00 inguruan, eta Urolako (Azpeitia) eta Arrateko (Eibar) suhiltzaileek 23:30 inguruan lortu zuten sua itzaltzea. Azkarate mendatearen tunelaz bestalde piztu zen sua, Elgoibar, Mendaro eta Azkoitia arteko Urnobitza auzoko Ekaitz mendian, eta suhiltzaileek adierazi zutenez, Madariaga auzora ere heldu zen sua, 19:35 inguruan. Gipuzkoako basozainek MAXIXATZENi adierazitakoaren arabera, ezin da zehaztu oraindik zenbat hektarea kaltetu dituen suteak, baina 20tik gora erre direla nabarmendu dute.
Basozainek zaintza lanetan dihardute oraindik sutea izandako lekuan. Haiek adierazi dutenez, "kontrolpean" dute egoera, baina gune horretan jarraituko dute egunean zehar, sugarrak zabaldu ez daitezen.