Badakit tradizioak aldatzea zeinen zaila den gure herrian, baina hala ere proposamen bat egitea erabaki dut gutun honen bitartez.
Oso ikuskizun polita antolatzen duzue, lan ikaragarria eginez. Errespetu osoa eta esker ona besterik ez dituzue merezi. Nire proposamena da Errege Magoen kabalkadako parte hartzaile diren hiru zaldi eta astoa karroza bategatik aldatzea. Errege Mago, paje, antolatzaile eta inguruko ikusle guztien segurtasunagatik eta animalien ongizateagatik.
Errege Mago baten eta zaldi baten artean iaz gertatu zen istripua eta gero, aurtengo berrikuntza bakarra segurtasuneko lokarri bat izan dela ikusi dut, eta neurri eskasa iruditu zait hori. Argi-zuzien edo antortxen sua, jendearen eskandalua, gozokiak ezker-eskuin... Hori guztia jasanarazi behar al zaie zaldi edo asto horiei? Ostikoka eta jauzika noiz hasiko diren zain egon behar al dugu? Merezi al dute animaliek parte hartzaileen estres hori guztia jasatea? Datorren urterako urtero erabiliko den karroza bat proposatzen dut.
Danborradetan eta inauterietan bezala, Errege Magoak goxokiekin, pajeak beraien inguruan eta betiko gidari jatorrak traktore gainean.