Ilusioz artu dituzte beste urte batez Errege Magoak Azkoitian. Gaur arratsaldean iritsi dira herrira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, eta zaldiz zeharkatu dituzte Azkoitiko kaleak, Errege Egunaren bezperan. Errege Magoen aurretik, baina, beren laguntzaileak iritsi dira herrira, eta arratsaldean zehar eliz atarian izan dira umeen eta gaztetxoenen azken desirak entzuten eta eskutitzak jasotzen. Handik ordu batzuetara 19:30ean, iritsi dira Errege Magoak Azkoitira, eta Santa Klaratik hasi dute kabalkada. Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek zaldiz zeharkatu dute aurten ere herria, 200dik gora boluntarioren, Azkoitiko Udal Musika Bandaren eta erromatarren laguntzarekin.
Herritarren "ekarriko, ekarriko" oihuen artean, Santa Klara eta Plazaberri kaleak zeharkatu dituzte lehenik. Segidan, Herodesen jauregia bisitatu dute herriko plazan. Han jaso dute udaletxera igotzeko eta herritarrak balkoitik agurtzeko baimena. Plazan elkartutako ehunka lagunak agurtu ostean, berriro ere zaldi gainera igo eta Kale Nagusitik eta Ibaiondotik igarota, eliz atarirako bidea hartu dute Errege Magoek. Artzainek zabaldu diete Jaiotzarako bidea. Ibilbide guztian zehar gozoki ugari banatu dituzte Errege Magoek, eta botatako gozokiak amorratuta jasotzen aritu dira haur zein heldu kabalkadak iraun duen bitartean.