Urtero legez, Anaitasuna Kakute taldeak antolatutako Ramon Oñederra Katturen omenezko xake txapelketa egin dute gaur, igandea, Kultur Etxean. Dozena bat lagunek parte hartu dute txapelketan, eta Jaime Arozenak erdietsi du lehenengo postua; bigarren sailkatua, berriz, Xabier Ruiz izan da. Txapelketaren ostean, Katturi lore eskaintza egin diote monolitoan, eta bertan izan dira senideak, lagunak eta zenbait udal ordezkari. Ondoren, sari banaketa egin dute Errexil tabernan, eta hainbat garaikur banatu diete txapelketan parte hartu duten lehiakideei. Arantxa Oñederra Katturen arrebari, berriz, oroigarria eman diete antolatzaileek.
Aurtengoa, Katturen omenezko xake txapelketaren 35. edizioa izan da. 1983. urteko abenduaren 19an hil zuen GALek Kattu Baionako Kayetenia ostatuan, eta ordutik urtero omentzen dute azkoitiarra urte amaieran.