Bi auto gidarik min hartu dute gaur iluntzean Azkarateko mendatean, bi ibilgailuk aurrez aurre talka egin ondoren. Ertzaintzak jakinarazi duenez, Azkoititik Azkarateko gailurrera doan mendate zatian gertatu da istripua. Ford Fiesta bat eta Mercedes Benz Citan furgoneta bat izan dira elkar jo dutenak. Lekukoen arabera, Azkaratetik behera Azkoitiko norabidean zihoan Ford Fiesta aurretik zuen ibilgailua aurreratzen hasi da, eta Elgoibarko noranzkoan maldan gora zihoan Mercedes furgonetarekin talka egin du.
Zaurien larritasunaren berri ez dute eman ertzainek, baina bi gidariak Donostia Ospitalera eraman dituztela jakinarazi dute. Trafikoan eragina izan du istripuak; 22:15ak arte aritu dira bidelanetako eta larrialdi zerbitzuak errepidea garbitzen.