Gorka Larrañagak 'Eskuaskotarikoa' erakusketa zabalduko du ostiralean, Torrezurin

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 17a, 11:56

Gorka Larrañaga artista azkoitiarra.

Datorren ostiralean, abenduak 20, zabalduko ditu ateak Torrezuri erakustokiak Gorka Larrañaga artista azkoitiarraren lanak aurkezteko.

Gorka Larrañaga (Azkoitia, 1974) artistak margolan erakusketa zabalduko du datorren ostiralean, abenduak 20, Torrezuri erakustokian, 19:00etan. Larrañagaren ibilbideko hainbat lan eta lan berriak aurkeztuko ditu artista azkoitiarrak Eskuaskotarikoa izeneko erakusketan. Katapulta plataformak sustatu du Larrañagaren erakusketa, Azkoitiko Udalaren kolaborazioarekin eta Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Hogei urte pasa dira Gorka Larrañaga sortzaileak Torrezuri aretoan erakusketa lehen aldiz jarri zuenetik. Hogei urte geroago bere lana aurkeztuko du, urte hauetako lanaren eta ikerketaren adibide batzuk erakutsiz. Erakusketak garai desberdinetako obrak uztartuko ditu, proposamen bakar batean arkieta bisual dinamiko bat sortuz. 

Pintura, eskultura eta grafika uztartzen ditu Larrañagak irudiaren baliabide teknologikoekin. Hiriko paisaiaren “zarata” txikiak bereganatzen ditu bere metodoak, keinu piktoriko berriak bihurtzeko eta bere kualitate espresiboak, formalak, kontenplatiboak eta ebokatiboak esploratzeko. Espainian, Mexikon, Txilen eta Ekuadorren egin ditu erakusketak. Hainbat sari eta errekonozimendu jaso du azkoitiarrak Espainian, Mexikon, EEBBetan eta Euskal Herrian. Casa Galeriako zuzendari eta sortzaile izan zen (2008-2018). Honako erakunde hauekin kolaboratu du proiektu artistikoetan: Espainiako Enbaxada, Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen Ordezkaritza Bulegoa, Etxepare Euskal Institutua eta FONCA.

Erakusketaren ordutegiak

Astelehenetik ostegunera 18:00etatik 209:00etara irekiko ditu ateak Torrezuri aretoak. Ostiraletan eta zapatuetan, bestalde, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Igandeetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara egongo da margolanak ikusteko aukera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide