Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra Binanako Erremonte Txapelketako finalera sailkatu da. Atzo, zapatua, 40 eta 38 nagusitu zen Javier Urrizarekin batera Juanenea eta Azpirozen aurka, Hernaniko Galarreta pilotalekuan.
Joan den ostegunean jokatu zuten Urrizak eta Larrañagak finalerdietako lehen partida Matxin III.a eta Barrenetxea IV.aren aurka. 40 eta 29 irabazi zuten azkoitiarrak eta Urrizak. Hori horrela, atzoko partidan nahikoa zuten 32 tanto egitea, baina irabazita lortu zuten finalera sartzea.
Aldaketa bikotean
Txapelketaren lehen zatian Javier Urrizarekin aritu zen Iban Larrañaga, baina behin finalerdietara sartuta bikote aldaketa egin zuten. Larrañaga Utergarekin egokitu zen hasiera batean, baina aurrelariaren lesio batek bikoteak berriro egitea ekarri du.
Zozketak berriz ere Javier Urriza eta Larrañaga elkartu egin zituen, eta momentuz ondo atera zaie; abenduaren 28an Galarretan bertan jokatuko den finalerako sailkapena lortuta dute. Orain, garaitu dituzten bi aurkariek elkarren aurka jokatu beharko dute, bigarren finalista zein bikote den erabakitzeko.