Urteko batzarra egingo du Anaitasuna Mendi Bazkunak datorren asteazkenean, hilaren 18an. Kultur Etxean izango da bilera, 20:00etan. Bertan, ohi bezala, amaitzear den urtearen balantzea aurkeztuko dute zuzendaritza batzordekoek eta hurrengo urterako egutegia ere hizpide izango dute batzarrean.
Hain zuzen ere, 2020rako ekintzen egutegiarekin lotuta, batzarrerako deiarekin batera beste dei bat ere egin du Anaitasuna MBren zuzendaritzak. Izan ere, urteroko hainbat ohiko hitzordu "kolokan" gera daitezkeela ohartarazi dute mendizaleen elkartekoek, "antolakuntzarako boluntario faltagatik"; Kakuteko Eguna, Mendi Astea, Zazpi Kurutzeen martxa edota Pirinioetarako irteera aipatu dituzte, hain zuzen ere. Beraz, "jendea ekintzetan inplikatzeko" eskatu dute.
Egun sei lagunek osatzen dute mendizaleen zuzendaritza batzordea, baina horietako batzuk utzi egingo dute laster ardura hori eta "batzordean sartzeko" jendea ere behar dute Anaitasunakoek. Orain arte elkartean ibili ez diren lagunak zein batzordekide ohiak "ongi etorriak" izango direla nabarmendu dute, "proposamen eta ideia berriak ere gustura hartuko" dituztela gaineratuta.