Astelehenero bezala, herriko pentsiodunek elkarretaratzea egin dute plazan. Euriarengandik babestuz, Kontzejupean egin dute protesta dozenaka lagunek, eta aldarria asteroko berbera izan da: "Pentsio duinak" izatea. Datorren astelehenean, ordu eta leku berean egingo dute kontzentrazioa, eta herritar guztiei egin diete dei protesta ekitaldian parte hartzeko.
Ostegunean, Legebiltzarrera
Horrez gain, Gipuzkoako adinekoen eta pentsiodunen elkarteen plataformak deituta, elkarretaratzea egingo dute ostegunean, Gasteizen. Eusko Legebiltzarraren atarian egingo dute elkarretaratzea, 11:00etan. Kontzentrazioan eskatuko dute pentsioak 1.080 eurotara arte osatzea eta Espainiako Kongresuan Pentsio Publikoen Sistema bermatzea. Hain zuzen ere, hara joateko autobusa antolatu du Plaza Ondo jubilatuen elkarteak. Abenduaren 12an, 08:20ean, Eroski txikiaren ondoko geltokitik abiatuko da autobusa Gasteizera. 14:30erako etxean izatea aurreikusi dute antolatzaileek. Bidaia txartelaren prezioa 10 eurokoa da.