VI. Urkome sariek badituzte irabazleak. Aurten hamahiru egitasmo aurkeztu dira sarietara, eta euskararen eta emakumearen presentzia nabarmendu ditu, bereziki, epaimahaiak. Ainara Garcia, Ekaitz Arrese eta Julen Fernandez Azkoitiko bizilagunen Jaki-Saski proiektuak bi sari lortu ditu gaur, osteguna, Zarautzen egin duten sari banaketan. Batetik, Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkarteak elkarrekin ematen duten saria eskuratu dute, eta bestetik, boto bidez egindako sari irekia. Guztira, 2.419 boto jaso dituzte azaroaren 29tik abenduaren 4ra bitartean Urkomeren webgunean; Jaki-Saskik 1.111 boto lortu ditu, botoen %45,9.
Ekintzaile azkoitiarren proiektuaren helburua da bertako produktuekin prestatutako eguneko bazkaria prest dakarren saskia eskaintzea. Bezeroek webgune edota mugikorretako aplikazio bidez egin ahal izango dute bazkariaren eskaera, eta gero, eskaera etxean zein lantokian jaso ahal izango dute.
Bestalde, Aingeru Guardan duten Egurbide Torrea Landetxea egitasmoa saririk gabe gelditu da VI. Urkome sarietan. Jon Orbegozo eta etxekoen proiektuak beste erabilera bat eman nahi dio XVI. mendeko Egurbideola monumentuen multzo historikoari. Premium izaerako landetxean, ostatua eskaintzeaz gain, euskal ondarea ezagutzeko esperientziak eskaintzeko asmoa dute, inguruan duten errotaz eta burdinolaz baliatuta.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!