Euskararen Eguna izan da gaur, asteartea, eta goizean goizetik askotariko ekintzak izan dira herrian. Goizean, Azkoitiko ehunka umek eta gaztek herriko plaza hartu dute; arratsaldean, berriz, Euskaraldian parte hartu zuten zenbait Ahobizi-k eta Belarriprest-ek solasaldia eskaini dute Kontzejupean.
Arratsaldeko ekitaldian, lehenik Euskararen Eguneko manifestua irakurri du Silvia Etxaniz aurkezleak, eta Nahia Arrizabalaga eta Unai Izagirre bertsolariek bertso bana kantatu dute. Ondoren, Iosu Irizar eta Xiomara Galvis Ahobizi-ek nahiz Janire Igoa, So Saito, Lourdes Alboniga eta Xabier Arenaza Belarriprest-ek euskararen inguruko hainbat gogoeta izan dute hizpide mahai-inguruan. Solasaldia amaitu ostean, berriz, argazki erraldoia atera dute Kontzejupean, eta gaztaina-jana egin dute ondoren.