Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta horren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko, Azkoitiko ehunka umek eta gaztek herriko plaza hartu dute beste urte batez. Ohi bezala, ikastetxeetatik kalejiran joan dira plazara, eta han ekitaldia egin dute. Horietatik hainbat haurrek, gainera, euskararekin dituzten bizipenak kontatu dituzte agertokitik, eta Javier Zubizarreta alkateak, bere aldetik, udaletxeko balkoititik hitz egin du; euskara erabiltzearen, aldarrikatzearen eta zabaltzearen garrantzia azpimarratu du hark.
Aurtengoan, Ahobizi pegatinak soinean zituztela elkartu dira ikastetxeetako kideak herriko plazan, eta hori ez da gaurko egunean Euskaraldiari egingo dioten keinu bakarra izango; izan ere, Euskara Mahaiak antolatuta, arratsaldean beste ekitaldi bat egingo dute, eta orduan, iazko Euskaraldian parte hartu zuten hainbat Ahobizik eta Belarriprestek beraien bizipenak kontatuko dituzte. 18:30ean hasiko da mahai-ingurua, Kontzejupean, eta solasaldiaz gain, aurtengo Euskararen Eguneko manifestua irakurriko dute, eta bertsolariak eta gaztaina jana ere izango dira. Amaitzeko, argazkia aterako dute han elkartutako guztiek.