Udal tramiteak egiteko terminal berria jarri dute Elkargunean

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 2a, 10:24

Orain arte zenbait udal tramite Azkoitiko Udalaren webgunearen bidez egin zitezkeen arren, aurrerantzean online egin daitezkeen tramiteen zerrenda zabalagoa izango da, gehientsuenak egin ahalko baitira webgunearen bidez.

Udalaren webgunearen bidez hemendik aurrera, besteak beste, obra eta jarduera lizentziak erregistratu, dirulaguntzak eskatu, erroldatze ziurtagiria eskuratu, erregistro ezberdinetan alta eman, tasekin, zergekin eta ordainagiriekin lotutako izapideak egiteko aukera egongo da. Horrez, gain, Udalak Elkargunean autozerbitzu elektroniko berria jarri du tramiteak egin ahal izateko.

Terminal berria

Udalaren arabera, terminalaren edo autozerbitzuaren erabilerak "ilarak saihestuko" ditu, eta "ordutegi zabala" izango du; Elkarguneak duen bera. Ordainketak modu erosoan eta seguruan egin ahalko dira. Aurrerantzean herritarrek hiru bide izango dituzte tramiteak egiteko: arreta presentziala jaso nahi dutenek Udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoa 07:30etik 15:30era, www.azkoitia.eus webgunean edota Elkarguneko sarreran jada martxan dagoen terminalean. Terminala astelehenetik ostiralera bitartean 07:00etatik 21:00etara artean erabiltzeko aukera egongo da, zapatuetan 09:00etatik 20:00etara eta igandeetan, 09:00etatik 14:00etara.

Arreta zerbitzuak hobetzea "lan nekeza" izan dela azaldu dute udaletxetik. Sail guztietako teknikariek eta alderdi guztietako ordezkariek parte hartu dute. Denen artean tramite eta prozeduren gida landu dute, Azkoitiko herritarrek zerbitzu horien inguruko informazioa klik gutxi batzuekin eskuratzeko aukera izan dezaten. "Modernizazioaren eta eraginkortasunaren aldeko apustua" dela zehaztu dute, "herritarrekiko arreta hobetzea" da helburua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide