Aurreko edizioetan bezala, Azkoitia-Azpeitia probaren barruan jokatuko da aurten ere Gipuzkoako txapelketa. Gipuzkoako txapelketan lehiatu nahi duten atletek aurrez izena eman behar dute Gipuzkoako Atletismo Federazioan (GAF); gainerako korrikalarientzako izen ematea irekita dago.
Datorren martxoaren 28an izango da nazioarteko maratoi erdia, eta goi mailako korrikalariak etortzeaz gain, Gipuzkoako txapeldunak izendatuko ditu. Gipuzkoako txapelketan parte hartzeko, federatuta egotea eta gutxieneko denborak baieztatzea ezinbestekoa izango da. Gizonezkoetan, maratoian 2:45:00, maratoi erdian 1:15:20 edo 10 kilometroetan 00:33:00 dira federazioak eskatzen dituen gutxienekoak; emakumezkoetan, berriz, 3:24:00, 1:35:00 eta 00:43:00, hurrenez hurren.