Indarkeria matxistaren kontrako egunean, hainbat azkoitiarrek bat egin dute Sostenipe talde feministaren deialdiarekin, eta herriko plazan elkartu dira iluntzeko zortziretan.
Ahotsa kendu zenietenen oihua gara zioen pankartaren atzean jarrita, Sostenipeko kideek azken egunotan argitaratu dituzten emakumeen testigantzen pasarteak irakurri dituzte. Bien bitartean, pixkanaka, kandelak pizten eta pankartaren aurrean jarri duten oihal morearen gainean jartzen joan dira, ikur feminista osatu eta argitu arte.
Arratsaldean, berriz, gazteak izan dira Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren mezua zabaldu dutenak, Kontzejupean grafiti bat eginez, besteak beste.